Salatzaileak Armentian kokatutako txakurtegiko zazpi emakume boluntario dira, APASOS animalien babeserako elkartekoak, El Correo egunkariak jakitera eman zuenez.
Ustezko gertaeren berri eman zioten Udalari, errekerimendu administratibo baten bidez. Errekerimendu horretan adierazi zuten 2018ko udatik sexu-iradokizunak eta sexu-ukituak jasan dituztela, baita tratu iraingarria eta botere-abusua ere.
Udaleko Giza Baliabideetako iturriek astelehen honetan El Correon azaldu dutenez, salaketa jaso ostean, Sailak aurretiazko ikerketa abiatu zuen, eta hirutan deitu dituzte salatzaileak, idatzian adierazitakoa berresteko eta salatutako funtzionarioak diziplina-erregimenaren aurkako arau-hausterik egin duen edo ez argitzeko.
Hala ere, iturri horien arabera, "orain arte ez dute agerraldirik egin nahi izan", eta aurretiazko ikerketa honen "funtsezko alderdi batean" aurrera egitea ezinezkoa izan denez, Udalak espedientea Ministerio Publikoari helaraztea erabaki du, "gertatutakoa argitzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egin ditzan".
Udal gobernuak salaketa jaso eta egun batzuetara beste udal sail batera eraman zuen salatutako langilea, "behin-behinean eta modu prebentiboan". Neurri horren xedea salatutakoa "egia den ala ez aurrez epaitzea" ez dela berretsi du Udalak. Talde politiko guztiak deitu ditu Udalak astelehen honetan eskura duen "informazio guztia" elkarbanatzeko.
Bestalde, EH Bilduk salatu du Udalak "bizkarra eman" diela Animalien Babeserako Zentroan emandako gertakarien harira sexu jazarpenak salatu dituzten emakumeei. Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak salatu duenez, "Udalak, irailetik txakurtegian ematen ari zen egoeraren berri izan arren, ez du parte hartu salatzaileak babesteko 2020ko maiatzera arte, Udaltzaingoak igorritako urruntze agindu bat iritsi arte, alegia".
Ustezko prebarikazioa
Auziak, gainera, beste adar judizial bat ere badu: Apasos eta zazpi boluntarioek Iñaki Gurtubai (EAJ) Funtzio Publikoko zinegotziaren aurkako salaketa jarri zuten joan den astean, "prebarikazio" delituagatik; izan ere, salatzen dutenez, "barne ikerketa oztopatu zuen, prozesutik kanpo utzi baitzituen txakurtegiko bi buruak, zer gertatzen zen bazekitelako".
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.