Ekimenen Etxea

Abetxuku, nork beretik eta denon artean

Jone Arruabarrena 2021ko mai. 21a, 08:00

Abetxukuko Ekimenen Etxean ortu bat sortu dute, elkarlanean. JONE ARRUABARRENA

Gasteizko Abetxuku auzoan, duela 25 urte auzo elkartearen bidez sortu zen proiektua da Ekimenen Etxea. Bertan biltzen dira jatorri ezberdineko pertsonak, izenak dioen bezala, nork beretik eta denon artean, hainbat ekimeni bide emateko. Estigmaren aurka borrokatzea du helburu egitasmoak.

Gasteizko bazter batean dago Abetxuku auzoa. Ondotxo dakite bertako auzokideek hiriari ertzetik begiratzea zer den: auzoa "marginal" izendatzen tematu izan dira asko urte luzez, eta estigmak batzuentzako hor dirau oraindik. Baina hiriko bazter horretan, bada etxe bat ertzetako horiei ilusioa pizten diena. Bertan elkartzen dira auzokoak, eta baita baztertuak izatearen zama gainean daramaten beste asko ere: guztien ekimenen bizileku da teilapea.

1996. urtetik, zutik diraute guztien aterpe izan nahi duen etxeko hormek, lekuz aldatu den arren. Auzoko baratzeen ondoan, aldapan behera dagoen ate batzuen atzean zabaltzen da Ekimenen Etxea. Bertako bulego bakarrean eserita dago proiektuaren koordinatzailea, Pakita Perez San Bartolome: "Auzo mugimendutik sortu zen proiektua, Uribe Nogales auzo elkartean. Abetxuku, historikoki langabezia asko egon den leku bat izan da, baina gauzak egiteko gogo asko egon da beti toki honetan. Immigranteak eta proletarioak bizi izan dira beti hemen".

Garai batean, jendez gainezka egon ohi zen auzoa, eta hiru eskola zeuden martxan: guztiak ia lekurik gabe. Urte batzuen buruan, ordea, biztanleria beheraka joan zen, eskola horietako bat hutsik geratu arte. "Auzoko jendea eskola horretara joaten hasi zen, eta bakoitzak bere iniziatiba martxan jarri zuen. Horrela sortu zen Ekimenen Etxea", azaldu du Perezek.

Udalak laster bota zion begia proiektuari, eta hiri osora zabaldu zuen: hori bai, zerbitzu sozialetara lotu zuen iniziatiben etxea. Bizitzeko gutxieneko errenta jaso nahi zuten pertsona asko Abetxukura bidaltzen zituzten, Ekimenen Etxean "ekintzaren bat" egiteko, eta horren truke zerbitzu sozialek dirua ematen zieten. "Pertsonentzako espazio bat da, eta terminoek ez digute axola", azaldu du koordinatzaileak. Bere atzean, argazki batek deitzen du arreta, bulegoko mahaian paraturik. Bertan, begirada sarkor baina samur batez begiratzen du emakume batek. Pakita San Bartolome da, proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta orain koordinatzailea den Pakitaren ama.

"Gauzak egiteko gogo asko egon da beti hemen; etorkinak eta proletarioak bizi dira Abetxukun" 

Gaur egun, hiru tailer nagusi dituzte martxan: zurgintza tailerra, nekazaritzakoa eta informatikakoa. Hala ere, "momentuko beharretara" egokitzen direla dio Perezek. "Duela gutxi, auzoko neska bat etorri zen informatika tailerrera. Lan egiten zuen lekuan esan zioten josteko makinekin ibiltzen jakingo balu, kontratu mugagabe bat egingo ziotela. Beraz, josteko makina batzuk eta hauek erabiltzen erakutsiko zion pertsona bat aurkitu genituen, eta josketa tailer bat muntatu genuen. Berari balio izan zion, eta baita auzoko beste emakume batzuei ere". Tailerrak "gutxienekoa" direla azaldu du koordinatzaileak, eta garrantzitsuena bertan sortzen den "harreman sarea" dela. Informatika tailer horretara, tutoretzapeko zentru batean zegoen neska bat ere joaten hasi zen: "Informatika gustuko ez zuela eta, marrazten edo eskulanak egiten pasatzen zuen denbora. Azkenean, koadroak marrazten eta hauek saltzen amaitu zuen".

Baina informatika tailerrez gain, beste jarduerek ere arrakasta nabarmena izan dute erabiltzaileen artean. Nekazaritza tailerrari dagokionez, proiektu berezi bat jarri dute martxan: kultur-ortu- artekotasuna lantzen dute baratzean. Abetxukutik leku askotako etorkinak igarotzen direnez gero, bakoitzak bere herrialdeko landare bat ekartzea da proiektuaren asmoa, kultur anitzeko baratze bat sortzeko. "Landareen bidez, kultura ezberdinen arteko harremana sustatu nahi dugu", azaldu du Perezek. Horrez gain, baratzeari lotutako beste ikastaro bat ere badaukate: ortuko belar eta landareak kosmetikoak egiteko erabiltzen dituzte gero. "Ikastaroetako edukia ere bakoitzaren beharretara egokitzen dugu: norbaitek krema bat behar badu azaleko eritasunen bat tratatzeko, tailerrean hori egiten laguntzen diogu".

Harremanen habia

Josepa Ibarrondo baratzean dabil hainbat gazteri argibideak ematen. Bera da nekazaritza tailerreko arduradunetako bat: "Duela hogei urte hasi nintzen hemen lanean, Pakita San Bartolome proiektuaren sortzaileak deitu zidalako. Egunero zerbait berria ikasten dut, bai landareetatik, baina batez ere hona datorren jendearengandik". Ibarrondoren ondoan, eskubare batekin lanean dabil Markel Amuriza ere. "Buruko osasun zentro batean egon nintzen, eta irten nintzenean, hona etortzeko gomendatu zidaten. Hasieran, astean behin egiten nuen bisita iniziatiben etxera, baina orain bi aldiz etortzen naiz. Bi urte daramatzat hemen, eta bertako jendearekin lanean asko ikasten dut".

Era guztietako jendea etorri ohi da Ekimenen Etxera: auzoko jubilatuak, gazteak eta baita Gasteizko beste auzo batzuetako herritarrak ere. Gizarte Zerbitzuekin proiektuak daukan akordioa dela eta, egoera zaurgarrian dauden pertsona asko ere etorri ohi dira tailerretan parte hartzera, eta horrek, ezinbestean, jatorri eta esperientzia ezberdinak dituzten pertsonen artean harremantzea dakar.

Pakita Perezek zentroko bi erabiltzaileren artean sortu zen harremanari buruzko istorioa kontatu du: "Aspaldidanik, adineko gizon batzuk etorri ohi dira. Ikaragarrizko pertsonak dira, baina bizi duten garaiagatik, oso markatuta daude, eta ez dute beste arraza batzuetako pertsonekin harremandu nahi izaten. Gizon horietako bati, bereziki kostatzen zitzaion, esaterako, pertsona beltzengana hurbiltzea. Baina egun batean, mutil beltz bat etortzen hasi zen, eta denborarekin, benetako adiskidetasuna sortu zen beraien artean. Batera kantuan ibiltzen ziren, eta oso harreman berezia zeukaten". Mutilak etortzeari utzi zionean, gizonak eskultura bat egin zion zurgintza tailerrean, eta Pakitaren mahai gainean ageri da orain. Bi esku irudikatzen ditu, elkarri helduta: bata beltza da, eta bestea zuria.

Manuel Perezek ematen ditu zurgintza tailerrak, eta berak ere kurtsoetan sortzen diren harremanak nabarmendu ditu: "Ez dira tailer soil batzuk. Adineko pertsonei zeregin bat ematen diete, eta bestelako arazoak dituzten pertsonei arrazoi bat ematen die egunero ohetik jaikitzeko, gozatu egiten dute egurrarekin artelanak sortzen". Arte Ederrak ikasi zituen arren, haurrekin lan egin du gehien bat, duela bi urte proiektuan sartzea eskaini zioten arte: "Perspektiba guztiz aldatzen da, eta maila pertsonalean ikaragarrizko ekarpena egiten didate hemen sortzen diren hartu- emanek".

Pedro Etxebarriak ondo daki hori: bera ere hamairu urtez izan zen tailer horretako arduradun. Orain, zurgintza tailerreko makinen zarata artean arraina uretan bezala mugitzen da: "Adinekoen zentru batean lan egiten nuen, Pakita San Bartolomek bereganatu ninduen arte. Jubilazioa heldu zitzaidan eta lan egiteari utzi nion, baina oraindik ere egunero etortzen jarraitzen dut. Orain, zaletasun bat baino ez da, baina aberastasun espiritual izugarria ematen dit hemengo jendearekin harremantzeak".

"Ez dira tailer soil batzuk. Arazoak dituztenei arrazoi bat ematen diete ohetik jaikitzeko" 

Tailerreko mahai baten gainean, zurezko itsaso bat zabaltzen da, eta bertako olatuak margotzen dabil Pedro Ferreras. Bertara noiztik etortzen den galdetzean, ez dauka erantzun garbirik: "Ezin dizut esan, memoriarik ez daukan pertsona batekin baizabiltza hizketan", dio. Duela urte batzuk, entzefalitis baten ondorioz, hilabete batez koma egoeran egon zen Ferreras. Medikuek bosgarren egunerako hilko zela ziurtzat bazeukaten ere, bizirik atera zen, eta pixkanaka hobetzen joan zen. Hala ere, ondorio latzak utzi zizkion bizipen horrek: "Txikitako pasadizoak atzo balira bezala gogoratzen ditudan arren, berriki gertatu direnak ahaztu egiten ditut". Ekimenen Etxera etortzea atsegin du orain, askotan hurrengo egunean tailerreko kideen izenez gogoratzen ez den arren. "Hona etorriko ez banintz, zer egingo nuke? Egun guztia ohean egongo nintzateke. Zurgintza gustoko dut, eta gauza originalak egitea atsegin dut".

Horrela, bakoitzari gauza ezberdin bat eskaintzen dio etxeak, eta norberak berea eskaintzen dio hari. Ekimenen atzean, azken finean, hori dagoelako: pertsonak, eta beraien arteko hartu-emanak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago