Aldaialde ikastetxea 2024an irekitzeko proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 13:50
2022an eraikitzen hasiko da Aldaialde, Zabalganeko ikastetxe berria. / IREKIA

Aldaialde ikastetxea 2022an eraikitzen hasiko da, eta lanak 24 hilabeteko epean gauzatu beharko dira. Aurreikuspenak betetzen badira, 2024an Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro eta 720 ikasle hartuko ditu Zabalganeko ikastetxe berriak.

Astearte honetan, Aldaialde HLHI ikastetxearen eraikin berria egiteko lanak gauzatzeko 11,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Aurreikuspenen arabera, Hezkuntza Sailak aurtengo udazken amaieran esleituko du eraikuntza proiektua, lanak 2022aren hasieran has daitezen.

Obrak hasten diren egunetik zenbatzen hasita, 24 hilabeteko exekuzio-epea aurreikusi du Jaurlaritzak. Beraz, aurreikuspenak eta epeak betetzen badira, Aldaialde ikastetxe berriak 2024an irekiko ditu ateak.

Ozeano Atlantikoa, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleen arteko orubea, Borinbizkarran. / GOOGLE EARTH

 

Nolakoa izango da Aldaialde?

Zabalganeko 1. sektorean (Borinbizkarra), Ozeano Atlantikoa, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleen artean, 14.192 metro koadroko orube batean kokatuko den eraikin berriak Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro eta 720 ikasle ingururentzako gaitasuna izango du.

 

Proiektuaren arabera, hiru solairuko eraikin nagusi bat izango du ikastetxeak. Bestalde, eraikin nagusiaren alboetan beste bi egongo dira: alde batetik, administrazio-eremua, beheko solairuan erantsitako hegal batean; bestetik, gimnasioa eta kirol pista estalia, bolumen bakarreko eraikinean. Antolamendu horrekin, Hezkuntza Sailak ikasgelak eta eraikinaren gainerako erabilerak ondo bereizi nahi ditu, baita Haur Hezkuntzako eremua eta Lehen Hezkuntzakoa ere.

Horrez gain, iparraldetik hegoaldera doan lerro zuzeneko konfigurazio linealari esker, eraikin nagusiko gela guztiak ekialdera, mendebaldera edo hegoaldera begira izango dira, baita ohiko ikasgelak eta aldi baterako erabilerako gelak ere. 

Kanpoaldean, ordea, berdegune eta jolaserako espazio zabalak aurreikusi dituzte, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako jolastokiak bereiziz; HHko jolastokia zati batean estalia izango da, eta sarrera-irteera zuzena izango du beheko solairuan dauden geletatik.

5.598 metro koadroko azalera

Guztira, 5.598 metro koadroko azalera eraikia izango du ikastetxe berriak, eta honako instalazioak nabarmendu ditu Hezkuntza Sailak: 

  • Lau gela 2 urteko umeentzat
  • Bederatzi gela Haur Hezkuntzako umeentzat (3, 4 eta 5 urte)
  • Lo-kuluxkarako gela
  • Bi gela psikomotrizitaterako
  • 18 gela Lehen Hezkuntzarako
  • Bi gela ingeleserako
  • Musika gela bat
  • Erabilera anitzeko gela bat
  • Informatika gela bat
  • Bikoizte gela bat
  • Laborategia
  • Bi gela talde lanetarako
  • Liburutegia (135 metro koadro)
  • Gimnasioa, aldagelak eta kirol pista estalia (921 metro koadro)
  • Jangela eta sukaldea (394 metro koadro)
  • Sarrerako aterpe nagusia (641 metro koadro)
  • Haur Hezkuntzarako aterpea (180 metro koadro)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide