Aberri Eguna plazetan, kantuz eta elkarrekin ospatzeko deia zabaldu dute

Erredakzioa 2021ko mar. 15a, 10:35

Ikurrina balkoi batean, 2020ko Aberri Egunean. / ALEA

Apirilaren 4an Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Horretarako, plazetan abesteko hiru kantu proposatu ditu, balkoiak apaintzeko eta osasun irizpideak errespetatzeko deiarekin batera.

Ezohiko Aberri Eguna izan zen 2020koa, baina balkoitik ospatzeko deialdi bereziak arrakasta handia lortu zuen. Hortaz, apirilaren 4an tokatzen den aurtengo Aberri Eguna ere ospatzeko deialdia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak.

Oraingoan, hori bai, balkoi eta leihoetatik plazetara salto egingo dute; baina ekimena ez dute soilik plazetara mugatu nahi: "Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan" ospatzeko gonbitea plazaratu dute.

Igande horretako 12:30ean, ikus-entzunezko seinale bat emitituko da irratien bidez, tokiko telebisten bidez eta sarean. Seinale horren protagonista musika izango da, "herri eta auzoetako plazetan kantuz elkar gaitezen". Gainera, seinalea "etxetik, diasporan nahiz edozein tokitik" jarraitzeko deia egin du Euskal Herria Baterak.

Betiere Covid-19aren hedatzea saihesteko osasun irizpideak errespetatuz, herri bakoitzeko musikariekin kantaldiak antolatzeko aukera zabalik utzi dute. Hiru kantu proposatu dituzte ekitaldi nagusirako, baina gehiago ere izan daitezkeela argi utziz. "Ekimen herritarra da eta, beraz, herriak nahi duena kanta dezala", azpimarratu dute. Hori guztia sareen bidez kontatzeko deia egin dute, gainera.

 

"Euskal Herri burujabea"

Asteburuan Donostian egindako aurkezpenean Imanol Esnaolak azaldu duenez, ekimenaren bidez, "Euskal Herri burujabea" aldarrikatuko dute: "Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko. Komunitate nazional gisa, zainduko gaituen herri bat izan nahi dugulako", adierazi du.

Abiarazitako dinamikaren barruan, Euskal Herria Batera herri ekimenak asmoaren berri ematen ari da eragile sozial, politiko eta sindikalei, "bestelako ospakizunen osagarri" izan dadin; baina proposamena da "une batean keinu bat elkarrekin egitea, batera eginez".

Euskal Herri osoko 50 pertsonak baino gehiagok sinatu dute manifestua. Horien artean, hiru arabar daude: Basilio Garcia Mayo, Amurrioko udaltzain jubilatua; Eduardo Gaviña Yogurinha Borova, Laudioko trabestia eta kultur ekintzailea; eta Maialen Seez de Okariz Ruiz de Sabando, Gasteizko erizaina.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago