Zabalganeko tranbia Jundizko industrialderaino luzatzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 18:48
EH Bilduk tranbiaren ibilbidea zabaltzeko proposamena egin du. / Irudia: EH BILDU

EH Bilduk eskatu du Zabalganeko tranbia Jundizko poligonoaren bihotzeraino luzatzea. Zehazki, IATraino iritsiko litzatekeen 2,7 kilometroko luzapena aztertzea proposatu dute.

Tranbiaren 2,7 kilometroko luzapena, tarteko bi geldialdi eta geltoki intermodal bat linearen amaieran. Hori da Zabalganeko tranbiaren ikerketa informatibo berrirako EH Bilduk astelehen honetan plazaratu duen proposamena. "Jundizera hedatzeak, lehen aldiz Gasteizen, gaitasun handiko garraio publiko moderno bat gune industrial batera iristea ahalbidetuko luke", aldarrikatu du Felix Gonzalez bozeramaileak.

Gasteizko EH Bilduk aurkeztutako proposamena. / EH BILDU

 

Geltoki intermodala IATren ondoan

Lehenengo geltokia Areatza kalearen amaierako biribilgunearen ondoan planteatu du EH Bilduk, Mercedes Benz lantegiaren parean. Bertan lan egiten duten 5.000 pertsona ingururi zerbitzua eskaintzeaz gain, herritarrak Eraztun Berdera edo Zabalganeko basora hurbiltzeko ere balioko luke.

Aurrerago, bigarren geralekua Lermandabidea eta Zuhatzubidea kaleen elkargunean jartzeko aukera planteatu dute; industrialdearen barruan, sektore logistikoko hainbat enpresa biltzen dituen gunearen ondoan.

Proposamenean jasotakoaren arabera, linearen amaiera Lermandabidea eta Jundiz kaleen arteko bidegurutzean legoke, IAT dagoen eremuan. Hain zuzen ere, bertan geltoki intermodal txiki bat izatea proposatu du EH Bilduk.

Geltoki horrek Jundizko poligonoaren barruan mugitzeko beste hainbat garraiobide eskainiko lituzke: besteak beste, bizikletak eta patinete elektrikoak mailegatzeko zerbitzua; edo autobus elektriko bidezko lotura bat, poligonoko gainerako eremuekin konektatzeko.

Mozioa

Oraingoz, Zabalganeko tranbiaren ikerketa informatibo berrirako proposamen bat baino ez da EH Bilduk plazaratutakoa. Udalaren hurrengo osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko du, Eusko Jaurlaritzak aukera hori azter dezala eskatzeko. Izan ere, Zabalgana auzora doan tranbiaren eta hiriaren arteko lotura aztertzeko informazio azterketa bat egingo da.

Horrez gain, eskaera Eusko Legebiltzarrera ere eramango dute, legez besteko proposamen baten bitartez.

Joan-etorrien %70 autoan

Gasteiztarrak industrialdeetara nola mugitzen diren jakiteko egindako inkestaren lehen emaitzen arabera, %70ek ibilgailu pribatua erabiltzen dute industrialdeetara joateko. Hain zuzen ere, EH Bilduk datu horiek ekarri ditu gogora bere proposamena defendatzeko: "Garraio publikoa erabiltzeko prest daudenak %77 dira, eskaintza egokia izango balitz".

Egunero, 20.000 pertsona baino gehiago joaten dira Jundizko industrialdera, lan egitera edo bestelako zereginetarako. "Horiei guztiei kalitatezko garraio publikoa eskaintzeko ordua da; garraio publikoa erabiltzeko borondatea dago, hori ezartzea da erakundeek eman behar duten erantzuna", aldarrikatu du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide