Industrialdeetara egiten diren 10 joan-etorrietatik 7 autoan egiten dira

Erredakzioa 2021ko api. 14a, 18:05
Inkestatutako guztien %83 lanera joateko bizikleta erabiltzeko prest dago. / Alea

Inkestatutako guztien %83 lanera joateko bizikleta erabiltzeko prest dago, "baldintza egokiak" jarrita.

Gasteizko industrialdeetarako mugikortasunari buruzko lehen inkestaren arabera, langile guztien %70 auto pribatuan doaz. Ehuneko hori %89 da Goiainen kasuan, %81 Arabako Teknologia Parkean, %77 baino gehiago Jundizen eta %48 Eharin. Inkestaren arabera, baina, "baldintza egokietan" joan-etorriak bizikletan edota garraio publikoan egiteko aukera areagotuko litzateke.

Industrialdeetara joateko bigarren garraiobide erabiliena bizikleta da, baina auto pribatutik oso urrun dago oraindik. Gune horietarako joan-etorrien %11 egiten dira bizikletarekin, eta Ehari eta Betoñu nabarmentzen dira bereziki, bidaien %26 eta %24 horrela egiten baitira.

Aldatzeko prest

Inkestatutako guztien %83 lanera joateko bizikleta erabiltzeko prest dago, baldin eta azpiegituren baldintzak hobetzen badira, bereziki bideen argiztapena hobetu eta bide horiek erosoagoak badira. Halaber, %14k bizikletentzako aparkaleku seguruak eskatzen dituzte, eta inkestatutako enpresen %58k aitortu dute ez dutela bizikletentzako aparkalekurik beren instalazioetan. Era berean, %71 prest daude garraio publikoa erabiltzeko, baldin eta maiztasuna areagotzen bada eta ibilaldiak egokitzen badira.

Inkestan deigarria den beste datu bat industrialde horietako langileek beren enpresetara iristeko behar duten denbora da. Gehienek, hau da, %75ek baino gehiagok, 20 minutu baino gutxiago behar dute, hiri handietan baino askoz denbora gutxiago. Gamarra eta Betoñuko erabiltzaileak dira lanpostura iristeko denbora gutxien behar dutenak, eta Goiain eta Arabako Teknologia Parkean lan egiten dutenak dira denbora gehien ematen dutenak.

Inkesta iazko abendutik 2021eko otsailera bitartean egin zen. Gune horietan lan egiten duten ia 4.000 pertsonak erantzun diote ekimenari, hau da, langile guztien %10ek baino gehiagok. Inkestatutako pertsonen %91 Gasteizen bizi dira, %65 gizonezkoak dira eta gainerako %35 emakumezkoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide