Kaleratzeak Stop plataforma Arartekoarekin bildu da asteartean, Chaymae izeneko emakumea eta haren hiru umeen kaleratzea salatzeko. Bileran, Catella-Vitalquiler inbertsio funtsak, Jaurlaritzak eta Gasteizko Auzitegiek aferan izan duten jarrera azaldu diote Arartekoari. Besteak beste, salatu dute auzi honetan ez dela kontuan hartu kaleratuen zaurgarritasun egoera, kaleratze bat abiatu baino lehen hori aintzat hartu behar den arren.
Babestutako alokairuan bizi ziren kaleratutako lau lagunak, eta 767 euroko zorraren ondoren etorri da kaleratzea, plataformak gogora ekarri duenez. Chaymaek hilean 800 euroko diru sarrerak zituen gizarte laguntzei esker, eta umeen pentsiotik zegozkion beste 200 euro. Halere, 550 euroko errenta ordaindu behar zuen.
Gehiegizko klausulak
Plataformaren arabera, 2000ko hamarkadan etxebizitza publiko ugari "milioi askoko dirulaguntzei" esker eraiki ziren, eta "gizarte ekintza gisa" aurkeztu zen hori. Halere, etxebizitza horiek errentagarritasun pribatuko irizpideen arabera kudeatu direla uste dute. Diotenez, 2012an gertatutako Kutxabanken sorrera dago arazoaren abiapuntuan. Orduan, alokairu kontratuetan gehiegizko klausulak jasotzen hasi ziren. Iazko martxoan, berriz, Vitalquilerrek babes sozialeko 500 bizitza saldu zizkion Catella "funts putreari", operazioak "Jaurlaritzaren oniritzia" izan zuelarik.