Kaleratzeak Stop plataformak eta Chaymaek prentsaurrekoa eman dute ostegun honetan, apirilaren 9an gauzatutako etxegabetzea salatzeko.
Chaymae eta bere hiru seme-alaba 2016tik bizi izan dira Salburuko Bulebarreko babes ofizialeko etxebizitza batean. Familiaren diru sarrera bakarrak 800 euroko Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) eta seme-alabengatik kobratzen duen 200 euroko pentsioa dira. Hala ere, 570 euroko alokairua ordaintzen zuten; babes ofizialeko etxebizitza bat zenez, gastuetarako laguntzak jasotzeko eskubiderik gabe.
Ondoren, konfinamendua eta ordaintzeko zailtasunak iritsi ziren. Testuinguru horretan, Catella-Vitalquilerrek ez zion errenta barkatu, ezta ordainketaren luzamendua erraztu ere. Pilatutako zorraren ondorioz, Chaymae auzitara eraman zuen, bere etxegabetzea exekutatzeko.
Chaymaeren abokatuak jakinarazi zion epaitegiak ez zuela bere helegitea onartu, baina ez zion esan egun horretan etxetik botako zutela. Apirilaren 9a iritsi zen eta orduan jarri zen harremanetan auzoko gizarte-langilearekin. Gizarte-langileak orduan izan zuen etxegabetzearen inguruko lehen berria; hau da, epaitegiak ez zion ezer jakinarazi, nahiz eta ofizioz egiteko betebeharra izan.
Poliziak eta epaileak etxegabetzea gauzatzera joan zirenean, Chymaek ezinbestekoa baino ezin izan zuen hartu; eta ondoren ere, Catella-Vitalquilerrek traba ugari jarri dizkio.
Etxegabetzeak babes ofizialeko etxebizitzetan
Hori dela eta, Kaleratzeak Stop plataformak salatu du Eusko Jaurlaritzak "diru publikoarekin finantzatu diren eta alokairu babestukoak diren etxebizitza horiek zaintzeko betebeharra" duela. Horrez gain, hileko soldata bat baino 3.500 euro gehiagoko fidantza eskatzea bezalako "gehiegikeriak" salatu ditu.
"Familia ahulen etxegabetzea eta arauak ez betetzea" lekuz kanpo dagoela ohartarazi dute, baita errenta eta gastuen arteko batuketak diru sarreren %60 baino gehiago kontsumitzea ere. "Eusko Jaurlaritzak bermatu behar du etxegabetze arriskuan dauden pertsona kalteberak detektatzeko epaitegiekin eta udalekin sinatutako lankidetza-hitzarmena bete dadila", azpimarratu dute.