Gasteizko Gaztetxeak "jazarpen poliziala" salatu du, Poliziak hainbat kide identifikatu ostean

Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 19:30
Gasteizko Gaztetxearen elkarretaratzea Plaza Berrian. / ALEA

Gasteizko Gaztetxeak salatu du larunbatean kalez jantzitako poliziek bertan zeuden hainbat gazte identifikatu zituztela. "Eraso poliziala" salatzeko elkarretaratzea egin dute asteazkenean; eta larunbatean Lehertu Gasteiz egunarekin bat egingo dute.

Pandemia hasi zenetik Poliziaren jazarpena behin baino gehiagotan salatu du Gasteizko Gaztetxeko asanbladak: besteak beste, isunak, identifikazioak eta zelatak "etengabeak" izan direla ohartarazi dute. Azken egunetan, gainera, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien arabera gaztetxeen jarduera baimenduta dagoen arren, "eraso polizial" berri bat salatu dute.

Joan den larunbatean, hilaren 8an, 12:00ak aldera, asanbladako lau kide zeuden Gaztetxean. Momentu horretan ez zegoen antolatutako ekitaldirik, baina gazteak kolektiboaren ohiko jarduerak prestatzeko materiala biltzen ari ziren.

Gazteak atera zirenean, atean zain zituzten kalez jantzitako hainbat agente, Ertzaintzaren bi patruila eta Udaltzaingoaren beste patruila bat. Orduan, Gaztetxeko kideak identifikatu zituzten.

 

Mobilizazioak

Gasteizko Gaztetxeko asanbladak ohar bat plazaratu du larunbatean gertatutakoa eta jasaten ari diren "kriminalizazioa eta ziurgabetasun orokorra" salatzeko. Horrekin batera, "gaztetxe eta gune autogestionatuak itxita mantentzea bilatzen duten zentzugabeko neurri eta politika instituzionalak" kritikatu dituzte.

Horren aurrean, bi mobilizazio deitu dituzte egunotarako. Lehenengoa elkarretaratze bat izango da, asteazken honetan, maiatzaren 12an, 19:00etan Plaza Berrian, Jazarpen polizialik ez! Gasteizko Gaztetxea defendatu! lelopean. Larunbatean, hilaren 15ean, 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik, hiriko gune autogestionatuek eta okupazio mugimenduak antolatutako Lehertu Gasteiz egitarauaren barruko mobilizazioekin bat egitera deitu dute.

"Gure guneak gal ez ditzagun, gaztetxeak defendatzeko hautua egin behar dugu, horien gaineko kontrola eta erabilera bermatu ahal izateko", alarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide