Lehertu Gasteiz

Gasteiz "lehertu" nahi dute maiatzaren 15ean, etxebizitza eskubidearen eta okupazioaren alde

Erredakzioa 2021ko mar. 18a, 12:30
Gasteizko okupazio mugimenduaren dinamika berriaren aurkezpena. / @LehertuGasteiz

Gasteizko okupazio mugimenduak Lehertu Gasteiz dinamika aurkeztu du. Hamar etxebizitzatik bat hutsik dagoela salatuz, etxebizitza eskubidearen eta okupazioaren aldeko manifestazio bat deitu dute maiatzaren 15erako.

Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak, Errekaleor Bizirik-ek, Judimendiko SUmendi Espazioak, Talka kolektibo feministak eta Gasteizko Gazte Emantzipaziorako Sareak (GES) Lehertu Gasteiz dinamika berria aurkeztu dute ostegun honetan, Alaba Belasko jauregiaren aurrean; sinbolikoki, 2019an desalojatutako Talka Espazio Feminista hartu zuen eraikinaren parean.

Azken hilabeteetako moskeo kanpainaren ostean egin dute aurkezpena. Izan ere, azken aldian Gasteizko bazter ugaritan agertutako zenbakien esanahia azaldu dute agerraldian: kanpainaren zenbaki sorta nagusia (16+11+22+17+1+27+9+16+1 = 120), hain zuzen ere, okupazioa hitzaren letrei egiten die erreferentzia.

Eta zergatik adierazi nahi izan dute zenbakien bitartez? Gasteizko etxebizitzaren egoeraren inguruko hainbat datu plazaratu dituzte: Gasteizen 255.052 pertsona inguru bizi dira Gasteizen; 115.367 etxebizitza daude; horietako 9.470 hutsik eta beste 2.200 salgai. "Beste modu batean esanda, hamar etxebizitzatik bat hutsik dago; horrek esan nahi du bi pertsonentzako etxebizitza bat dagoela", ziurtatu dute, bildu dituzten datuen arabera.

Okupazioa pandemia garaian

Bitartean, pandemiaren erdian desalojoak, etxegabetzeak, prezioen gorakada eta espekulazioa "etengabekoak" izan dira. "Gure hirian ez da etxebizitza eskubidea bermatzen, ezta errespetatzen ere", salatu dute. "Langileriaren bizi baldintzak krisiaren aitzakiapean okertzen doazen heinean, argi dugu oinarrizko eskubideak bermatu egin behar direla". Horrekin batera, okupazioaren kontrako "kriminalizazio kanpaina" salatu dute.

Horren aurrean, euren hautua okupazioa dela ohartarazi dute, "kapitalismoak oinarrizko eskubideekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean". Azaldu dutenez, okupazioa "langile klaseak duen ezinbesteko tresna bezala" ulertzen dute, etxebizitzak "berreskuratuz" arazoari aurre egiteko.

"Soldata baxuen, langabeziaren eta lan prekarioen ondorioz etxebizitza ordaintzerik ez dugunean, balio dezakeen tresna da okupazioa. Inork ez du kalean bizitzea merezi. Inork ere ez. Eta instituzioek bermatzen ez dutena, guk bermatu behar dugu", azpimarratu dute.

Gune okupatuak jomugan

Testuinguru horretan, gune okupatuen kontrako Udalaren zein poliziaren "erasoak" gogor kritikatu dituzte: besteak beste, Gasteizko Gaztetxearen itxiera saiakera, Olarizuko auzokideen "jazarpena" eta etxeak botatzeko asmoa edota bigarren Talka Espazioaren itxiera aipatu dituzte. "Erasotutako espazio bakoitza defendatuko dugu, eta desalojo bakoitzaren ondoren, okupazio berri bat, eta beste bat, eta beste bat... etorriko dela", ohartarazi dute.

Maiatzaren 15ean, manifestazioa

Azkenik, maiatzaren 15eko data gordetzeko dei egin diete herritarrei; izan ere, manifestazio handi bat deitu dute egun horretarako. Gainera, data iritsi bitartean, dinamika gorpuztuko duen egitarauan parte hartzeko gonbidapena ere plazaratu dute. "Gure kemena geldiezina da, ilusioz, gogoz eta indarrez lehertuko dugu Gasteiz! Gora okupazio mugimendua!", adierazi dute prentsaurrekoaren amaieran.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide