30 urtera begirako hirigintza eredua birdefinitu nahi du Gasteizek

Erredakzioa 2021ko api. 21a, 19:30

2001eko Gasteiz, airetik ikusita; azken 20 urteetan ez da HAPOa eguneratu. / IREKIA

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko lehen zirriborroa prest dago. Urbanizatu gabeko lurzorua zaindu, finkatutako auzoak biziberritu, herriak babestu, oreka ekonomikoa bilatu eta ingurumen kalitatea hobetu nahi du Gasteizko Udalak.

Hirigintza eredu berria zehaztu nahi du Gasteizko Udalak, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko batzorde txostengileak datorren astean aztertuko du behin betiko proiektuaren oinarri izango den helburu eta irizpideen agiria. Zirriborro hori asteazken honetan plazaratu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik.

Datozen 30 urteetarako hirigintza eredurako proposamen nagusiak bildu dituzte dokumentu horretan, azken 20 urteetan eguneratu gabeko HAPOa eraberritzeko asmoz. Teknikariek, udal talde politikoek eta gizarte eragileek partaidetza prozesu baten bitartez egindako lanaren emaitza da.

Plan orokor berriak sei helburu estrategiko ditu, eta horietako bakoitzak hainbat proposamen biltzen ditu: urbanizatu gabeko lurzorua zaintzea, finkatuko hiriaren jarduera sendotzea, auzoak eta ondare eraikia berreskuratzea, klimaren gorabeherei erantzutea eta industria-lurzoruen edukiera areagotzea; finean, "hiri orekatu eta kohesionatua" lortzea.

Lurraldearen arloko zinegotzi Ana Oregik aurkeztu du proiektua. / GASTEIZKO UDALA

 

Hiri trinko, konplexu eta kohesionatua

Besteak beste, urbanizatu gabeko sektoreak desklasifikatzea proposatu du Udalak; Salburuko eta Zabalganeko partzelazio berriarekin lotu gabe.

Era berean, Jauregilandako industrialdea birkalifikatzea aztertzea proposatu du, bizitegi erabilera, tertziarioa edo ekipamenduena izan dezan. Beste proposamenetako bat da Borinbizkarran, Hiru Santuetako inguruan eta trenbidea hirian integratzeko espazioan kudeaketa-eremu espezifikoen garapena aztertzea, eta Lakuan hutsik dauden erabilera mistoko lurzatiak birkalifikatzea.

Hiri finkatuari dagokionez, Gasteizko auzoak berroneratu, egokitu eta biziberritzeko 2020-2040 Plan Nagusitik eta dagoeneko abian jarrita dauden birgaitze eta berroneratze estrategietatik datoz proposamenak.

Landa ingurunea eta herriak

Herrietan garatu gabe dauden lurzoru urbanizagarriko sektoreak desklasifikatzeko irizpidea aurreikusi du proiektuak. Herrien tipologiaren eta kokalekuaren arabera aztertuko dira herri bakoitzaren premiak eta hirigintza arauak zein parametroak.

Orobat, Abetxukun eremu berri bat baztertu da, eta nekazaritza zein abeltzaintza jardueren erregulazioa berrikustea planteatu da, herrietako populazioa mantentzeko.

Natura, kultura eta paisaia ondarea

Ildo honetan ere, hainbat lurzoru eta sektore urbanizagarri desklasifikatzea proposatu da: Armentiako parkea; hiriaren inguruan garatu gabeko lurzoruak, Eraztun Berdea osatzeko; Nekazaritza Eraztuna arautzea; eta udal katalogoa berrikustea, kultura, paisaia, arkitektura eta hiri balioak aldezteko.

Lurralde iraunkorra eta energetikoki eraginkorra

Baliabideak eraginkortasunez kudeatzea da laugarren helburu estrategikoaren gakoa, lurralde iraunkorra eta energiari dagokionez eraginkorra ahalbidetzeko.

Ildo horretatik, hainbat proposamen daude: eraikuntza eta urbanizazio ordenantzetan energia efizientziara eta klima aldaketara egokitzera bideratutako diseinu eta eraikuntza irizpideak txertatzea; ondare eraikia birgaitzeari lehentasuna ematea, hedapen berrien aldean; Lasarteko legar-hobien azpiegitura lurzoru urbanizaezinaren sistema orokor gisa sartzea, eta energia berriztagarrien instalazioak ezartzea erraztea.

Oreka ekonomikoa

Jarduera ekonomikoaren galerari aurre egiteko, eta lurraldearen oreka ekonomikoaren irizpidea aintzat harturik, hainbat ekintza jasotzen dira agirian, bosgarren helburu estrategikoa ahalbidetzeko. Adibidez, auzoen arteko konexioa sustatzen duten merkataritza ardatzak sortzea, edo merkataritza lokalak irekitzeko eskakizunak malgutzea.

Jarduera ekonomikoetarako lurzoru-erreserbei dagokienez, Forondako aireporturako aurreikusitakoak murriztea proposatzen da, VIAPerako lurzoru urbanizagarria mantenduz, baina egungo erreserba (%80) desklasifikatuz. Orobat proposatzen da Arabako Teknologia Parkean lurzoru urbanizagarria %70 murriztu eta desklasifikatzea.

Mercedes handitzeko aurreikusitako erreserbari dagokionez, beharrak aztertuko dira. Industrialde finkatuei bultzada emateko, berroneratze eragiketak ahalbidetuko dituzten antolamendu eta gauzatze eremuak mugatuko dira.

"Gasteiz, guztiona eta guztiontzat"

Seigarren helburu estrategikoa "Gasteiz, guztiona eta guztiontzat" izendatu du Gasteizko Udalak, eta gainerako helburuetarako ekintza guztiekin lortu nahi den ondorio nagusia jasotzen da bertan.

"Osasuna hobetzea, egunerokotasunean mugitzeko beste modu batzuen bidez eta etxebizitzen kalitatea hobetuz; hiri inklusiboa eta genero bereizkeriarik gabea sustatzea, espazio publiko seguru eta irisgarriak eta gizarte eta merkataritza bizitza izango dituena; ingurumen kalitatea hobetzea, hirigunean integratutako berdeguneekin; inpaktu akustikoak murriztu eta airearen kalitatea hobetzea; kultur ondareari balioa ematea, gasteiztarren ezaugarri gisa, eta berdintasunezko hiri ekitatibo eta bidezkoa sustatzea", adierazi du Ana Oregik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago