Gasteiz Hobetuz partaidetza prozesuaren emaitza da Haurren Auzoa proiektua, eta horri esker Alde Zaharreko bizilagunekin batera diseinatutako plaza bat izango da Etxauri plaza.
Hainbat esku-hartze egingo dira bertan, espazioa guztiz eraldatzeko: inklinatutako berdegune bat jartzea, ipuin kontalarientzako espazio txiki bat eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi bat, besteak beste. Horrez gain, eskalada gune bat, txirristak eta zabuak, egurrezko oreka-jolasak, ping-pong mahai bat, saski bat, zuhaitzak eta arrosa-landareak izango ditu.
Ostiral honetan, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak lizitaziora atera du 573.512 euroko aurrekontua eta zortzi hilabeteko gauzatze epea izango duen kontratua.
Borja Rodriguez zinegotziak azpimarratu du "Udalak kontuan hartzen dituela herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten iradokizunak", eta, horri esker, Erdi Aroko hiriguneak topagune berri bat izango duela Etxaurin, "premiazkoa baitzen hura eraberritzea".
Bestalde, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azaldu du proiektu honekin "Erdi Aroko hirigunea osorik biziberritzeari ekingo" zaiola. Izan ere, urtebeteko epean Gasteizko Alde Zaharra biziberritzeko 24 ekintza gauzatzeko proposamena plazaratu berri du Udalak.