Gasteizko Alde Zaharra biziberritzeko 24 ekintza urtebeteko epean

Erredakzioa 2021ko api. 22a, 20:30
Gasteizko Alde Zaharra, airetik ikusita. / QUINTAS-AFA

Gasteizko Udalak eta hirigune historikoko eragileek mahai bat aktibatuko dute epe labur, ertain eta luzean auzoaren biziberritze integrala definitzeko. Hamabi hilabeteko epean 24 ekintza planteatu dituzte, eta kudeaketa bulego bat irekiko da.

Irailean abiatutako harremanek bere fruitua eman dute eta Gasteizko hirigune historikoak plan integral bat izango du. Udalak, bizilagunek eta auzoko eragileek sortu, adostu eta definituko dute Hirigune Historikoko Mahaian, elkarlanean. Aste honetan Aldabe gizarte etxean egindako auzogunean, Gorka Urtaran alkateak baieztatu du mahai hori uda baino lehen jarriko dela martxan.

Hamabi hilabeteetan 24 ekintza abiaraziko dira auzoan eta, laster, dena koordinatzeko berariazko bulego bat jarriko da martxan. Hirigune Historikoko Mahaiak ekintza horiek epe labur, ertain eta luzean burutzeko lehentasunak eta metodologia landuko ditu orain.

Azken hilabeteetan, 560 ekarpen baino gehiago landu ditu Udalak: "Tonu positiboa izan dutenak gailendu dira", azaldu du alkateak. "Helburu bera daukagu: auzoarentzat eta hiri osoarentzat itxaropentsua izango den proiektu bat sortzea, adostasunean oinarrituta eta epe luzerako izateko borondate politikoarekin, agintaldi eta hauteskunde-egutegietatik haratago".

Aste honetan Aldabe gizarte etxean egindako auzogunea. / GASTEIZKO UDALA

24 EKINTZA

1. Erdi Aroko Hiriguneko Mahaia

Lehen urratsa Erdi Aroko hiriguneko mahai tekniko-herritar bat sortzea, martxan jartzea eta kudeatzea izango da, baita horren idazkaritza teknikoa ere. Erabakitzeko eta gauzatzeko ahalmena duten Udaleko arduradun teknikoekin batera, Alde Zaharreko eragileak izango dira bertan: auzokideak, eragile sozialak, merkatariak, ostalariak eta abar.

2. Erdi Aroko Hiriguneko Bulegoa

Bigarren urratsa, berroneratze estrategia eta jarduketak modu integralean koordinatu eta kudeatzeko espazioa martxan jartzea izango da. Horretarako, Udalaren Casco Bizia bulegoa aprobetxatu eta bultzatuko da.

 

3. Berroneratzeko estrategia integrala: Next Generation

Estrategiari koherentzia emango dion bide-orri bat definitzea; eragileekin kontrastatu, baliozkotu eta partekatuko da. Epe labur, ertain eta luzeko ekintzen plangintza eta hori garatzeko mekanismoak, prozedura eta lan espazioak zehaztuko da.

 

4. BIPB berrikustea

Alde Zaharreko Birgaitze Integratuko Plan Berezia (BIPB) hiriguneko errealitatearekin bat datozen hirigintza-araudien aldaketak jasoko dira, ezaugarri morfosoziologikoak kontuan hartuta. Arreta berezia emango zaie etxebizitzen, merkataritza lokalen eta erabilera tertziarioko lokalen bizigarritasunari eta birgaitzeari buruzko gaiei.

5. Etxebizitza turistikoak

Ostatu-erabilerari eta erabilera tertziarioari dagozkien irizpideak berrikusiko dira; horien artean, etxebizitza turistikoei buruzko ordenantza. Hori guztia prozesu partehartzaile baten bidez egingo da, Hiriguneko Mahaiaren esparruan eta auzoko eragileen eskutik.

6. Negozioentzako hirigintza araudia egokitzea

Gaur egungo araudia Erdi Aroko hirigunearen ezaugarri berezietara egokitzeko eta saltokiei eguneratzen laguntzeko beharra planteatu dute.

7. Negozioentzako merkataritza araudia egokitzea

Merkataritza araudiari dagokionez ere, berariaz egokitzea aurreikusi da, salmenta ibiltaritzat hartu gabe leihatilako salmenta errazteko.

8. Oinezkoentzat bihurtzea eta trafikoa baretzea

1. fasea: Hirigune historikoaren goiko gunea

Hirigune historikoaren goialdean, oinezkoentzako irla bat definituko da, elkarlanean egindako diseinu-prozesu baten bidez. Horretarako, hainbat irizpide txertatuko dira: segurtasuna, naturalizazioa, trafikoa baretzea eta murriztea, genero ikuspegia eta haurtzaroa.

 

9. Merkataritza aparkalekua

Erdi Aroko hirigunearen inguru hurbilean merkataritza jarduera sustatzeko, doako espres aparkalekuak gaituko dira. 15 minutukoa izango da inguruko hainbat kaletan: San Frantzisko aldapan, Buruileria plazan, Errege atean eta Jesusen Zerbitzarien kalean. Eta ordu bat edo bikoa Alde Zaharreko saltokietan egindako erosketei lotutako kasuetan, espres guneetan edo inguruko aparkalekuetan.

10. Zamalanak

Zamalanen kudeaketa hobetzeko, ordutegiak berrikusiko dira.

11. Bizikleta gordelekuak

Hutsik dauden lokalak edo lonjak identifikatuko dituzte, bizikletentzako gordelekuak ezartzen jarraitzeko.

 

12. Esku hartu gabeko etxarteen zaharberritzea

Etxarteen kudeaketa sistema berrikusiko da, haien garrantzia nabarmentzeko, eta etxarteak zaharberrituko dira: ur-zuloak berreskuratzea, landaredia, mantentze-lanak eta abar.

13. Berdea eta biodibertsitatea handitzea

Auzoa berdeago egiteko eta biodibertsitatea handitzeko, eta hirigune historikoaren goiko gunea atseginago, gizatiarrago eta naturalizatuago bihurtzeko bi jarduketa proposatu dira, eta "berehala" esleituko dira: Haurren Auzoa proiektua gauzatzea eta Azpiegitura Berdeei buruzko Plana sortu eta garatzea.

Azpiegitura berdeei buruzko planari dagokionez, hainbat jarduketa ezarriko dira: berdeguneetan eta espazio publikoetan tokiko landare gehiago jartzea; lorategietan eta berdeguneetan biodibertsitatea handitzeko ekintzak; eta habiak integratzeko ekintzak.

14. Terrorismoaren Biktimen Memorialaren ingurua

Bigarren fasean sartu dira Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inguruko obrak. Oinezkoentzat bihurtuko da, etorkizunean Oroimenaren Plaza egokituko da bertan, eta bizikletentzako lurpeko aparkalekua sortuko da, ingurua atseginago bihurtzeko beste jarduketen artean.

 

15. Irisgarritasun azpiegiturak

Eskailera mekanikoen, igogailuen eta abarren mantentze lanak eta garbiketa hobetuko da. Horretarako, kontratu berria esleitzea aurreikusi du Udalak.

16. Etxebizitzen birgaitzea

Erdi Aroko hiriguneko etxebizitzen egoera aztertuko da, eta birgaitzeko kostuen balioespen ekonomikoa egingo da.

17. Alokairu sozialeko programa

Etxebizitza bat alokatzeko moduan egonik, beren ahalmen ekonomikoarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik alokairuko etxebizitza bat eskuratzea lortzen ez duten pertsona eta familiei alokairu sozialeko etxebizitzak eskuratzea bermatzeko eta bitartekotza egiteko, lanerako prozedura bat ezarriko dute Udaleko gizarte zerbitzuek eta 21 Zabalguneak.

18. Hondakinen kudeaketa eta garbiketa

Garbiketa hobetzea, garbiketa zerbitzua indartuz eta kale-garbitzaileen eta mahuken arteko koordinazioa hobetuz. Edukiontzi mugikorren kokalekua eta ordutegia aldatzea. Jarrera zakarrak zorrotzago kontrolatzea. Hondakinak biltzeko egungo sistema aztertzea, diagnostikoa egitea, eta hobekuntzak edo alternatibak proposatzea.

19. Bilketa pneumatikoari buruzko informazioa

Atez ateko informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarriko da, zaborra biltzeko eta birziklatzeko sistemen funtzionamendua hainbat hizkuntzatan azaltzeko.

20. Zarataren kontrako plana

Gaueko aisialdi arduratsurako sentsibilizazio eta kontzientziazio plana garatuko da. Lehen fasea Erdi Aroko hiriguneko zarataren kontra sentsibilizatzeko plana izango da. Epe luzeago batean, auzoa babes akustiko bereziko gune bezala izendatzeko asmoa dago.

21. Hutsik dauden lonjak

Gaur egun hutsik dauden lonjak gizarte erabilera berrietarako eta ekonomia zein merkataritza jardueretarako mobilizatzeko kanpaina abiatuko da. Horretarako, titulartasun publikoko lonjak lehiaketa bidez mobilizatuko dira; lonja pribatuen kasuan, sistema bat bilatuko da jabeekin bitartekotza egiteko eta negoziatzeko.

22. Etxebizitzari eta birgaitzeari buruzko jardunaldiak

Etxebizitza eredu berriei buruzko jardunaldi-lantegiak egingo dira, teoriko-informatiboak eta praktikoak, etxebizitzak kudeatzeko eredu berriak sustatzeko prozesua elikatzeko helburuarekin: kooperatibak, cohousing-a, eta abar. Bestalde, eraikinak birgaitzeko lantegiak ere planteatuko dira, eta birgaitutako eraikinen jabeek parte hartuko dute beren esperientzia azaltzeko.

23. Birgaitzeak gauzatzeko koordinazioa

Beste erakunde batzuekin batera, koordinaziorako gune bat sortzea proposatu da, birgaitzeak eta gatazkak konpontzea errazteko.

24. Biodibertsitateari buruzko kanpaina

Azkenik, biodibertsitateak hiriarentzat eta bizitzarentzat duen garrantziari buruzko informazioa zabaltzeko sentsibilizazio kanpaina bat abiatzea aurreikusi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide