Iñaki Arakama preso arabarra aske gelditu da

Erredakzioa 2021eko apirilaren 25a

Iñaki Arakama, kalean eta senideek inguratuta. / ETXERAT

Iñaki Arakama Mendia 'Makario' preso arabarra aske geratu da igande honetan. Atzean utzi du Zaballako espetxea, zortzi urteko deportazioa eta 24 urteko espetxe zigorra bete eta gero.

Hiru hamarkada baino gehiago espetxean edo deportatuta igaro ditu. 1989an, Arakama ETAren ordezkaritzako kide izan zen Aljerren, Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioetan. Negoziazioen ostean, Santo Domingora deportatu zuten zortzi urtez, baina Dominikar Errepublikak 1997ko abuztuan entregatu zion Espainiako estatuari, 80ko hamarkadaren hasierako ETAren hainbat atentatu leporatuta. 

Ondoren, 24 urte eman ditu preso Espainiako hainbat espetxetan, oso urrun eta askotan isolamendu egoeran; azken hamarkada ia osoa Sevillan. Espetxealdiaren azken txanpan Zuera (Zaragoza) edo Logroñoko espetxeetatik igaro da, eta azken hilabeteak Zaballako espetxean izan da, Araban, aske geratu aurretik.

2005ean, beste hainbat presorekin batera, gutun bat bidali zion ETAko zuzendaritzari, ezker abertzalearen norabide estrategikoa aldatzea proposatuz; aldaketa hori bost urte beranduago iritsiko zen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago