Mercedesek ekoizpena handitu eta aldi baterako 750 langile kontratatuko ditu

Erredakzioa 2021ko api. 23a, 10:15
Mercedesen Gasteizko lantegiko muntaketa katea. / ALEA

Mercedesek iragarri du 8.600 furgoneta gehiago ekoitziko dituela, 148.600 arte. Horretarako, udan lan egiteko 350 langile kontratatuko ditu, eta behin-behineko beste 400; azken horiek ekainean hasi eta urtea amaitu arte lan egingo dute.

Hainbat ziurgabetasun hilabeteren ostean, beste albiste on bat iritsi da Mercedesek Gasteizen duen lantegira. Aurten bigarren aldiz haziko da Arabako fabrika garrantzitsuenaren EAEko BPG osoaren ia %5 suposatzen du– ekoizpena: oraingoan, 8.600 furgoneta gehiago ekoiztea aurreikusi du Mercedesek, batez ere diesel motorra duen Vito modelokoak.

Horrela, 2017. urtean 150.000 unitatetan markatutako ekoizpen errekorretik gertu dago Gasteizko fabrika; zehazki, 148.600 furgoneta inguru izango dira. Urtarrileko datuekin alderatuta, %5,8ko hazkundea suposatzen du horrek. Hilabete horretan ere ekoizpena handitu zuen Mercedesek, 8.500 unitateetan; beraz, 2021erako markatutako aurreikuspenekin alderatuta, ekoizpena %11,5 igo da.

Gaur egun zuzeneko 4.500 langile inguru dituen enpresako zuzendaritzak bi kontratazio mota planteatu ditu horretarako, uztaileko bost larunbatak produkzio egun gisa aktibatzearekin batera.

Alde batetik, holiday workers edo oporretako langileak: langile finkoen oporretan ordezkapenak egingo dituzten 350 gazte kontratatuko dituzte uztailetik irailera bitartean. Bestetik, ekainean behin-behineko 400 langile kontratatuko dituzte; horietako gehienek 2020 urtearen amaieran galdu zuten lanpostua, ekoizpen jaitsieraren ondorioz zuzendaritzak kontratuak ez berritzea erabaki zuenean.

Enpresa batzordeko sindikatuek iragarpenaren balorazio positiboa egin dute, "ekoizpena handitzea beti albiste ona delako". Hala ere, hitzarmenaren negoziazioaren testuinguruan, zuzendaritzari eskatu diote lana eta familia bateratzeko neurriak har ditzala.

Merkatuen ezegonkortasuna

Hala ere, zuzendaritzak langileei helarazitako ohar batean onartu duenez, egungo ekoizpen egoera "automobilgintza merkatuen ezegonkortasunak eta aldakortasunak baldintzatuta dago", pandemiak neurri handi batean eragindako testuinguru batean. Horri gehitu behar zaizkio osagai garrantzitsu batzuen hornidura arazoak; besteak beste, Asiatik datozen mikrotxipak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide