Mercedesek 8.500 furgoneta gehiago ekoiztea aurreikusi du 2021erako

Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 10:00
Mercedesek Gasteizen duen fabrikan 5.000 langile inguru daude. / MERCEDES-BENZ

Murrizketen eta kaleratzeen ostean, 2021eko ekoizpena 140.000 ibilgailura igoko du Mercedeseko zuzendaritzak; horretarako, otsaileko zein martxoko larunbat guztietan egingo dute lan. Erabakia "erabat zentzugabea" dela kritikatu du ELAk.

Ohar bidez, Mercedeseko zuzendaritzak jakinarazi du "Vanseko Batzorde Exekutiboak (Excom) asmo handiko agertoki berri bat ezarri duela 2021erako: 140.000 ibilgailu (8.500 unitate gehiago) ekoizteko".

Azaldu dutenez, ekoizpen egoera hori lortzea osagai batzuk hornitzeko gaur egun dauden arazoek eta automobilgintza merkatuen "ezegonkortasun eta aldakortasun handiak" baldintzatzen dute, "Covid-19aren pandemiak neurri handi batean eragindako testuinguru batean". Hala eta guztiz ere, egoera berria sistema logistikoetan sartuko dute, hornitzaileek aurreikusitako ibilgailu kopurura iristeko behar diren piezen hornidura bermatu ahal izan dezaten.

Hori dela eta, Mercedesek Gasteizen duen fabrikak lan egingo du ostaileko zein martxoko larunbat guztietan; hau da, bi hilabete horietako 6an, 13an, 20an eta 27an. Horrek langile zuzen zein zeharkako guztiei eragingo die, muntaia gordinaren, pinturaren eta azken muntaketaren sektore guztietan.

"Erabat zentzugabea"

Nahiz eta zuzendaritzaren erabakiak susperraldi ekonomikorako itxaropena piztu duen, ELA sindikatuak ez du begi onez ikusi: "Erabat zentzugabea iruditzen zaigu Mercedeseko zuzendaritza egiten ari dena". Izan ere, azaldu dutenez, abenduaren 17an ekoizpena eten eta lanaldiak bertan behera utzi ondoren, langileak urtarrilaren 4tik ari dira ekoizten, "hileko larunbat guztiak barne".

"Orain, iragarpen berri honekin, otsaileko eta martxoko larunbat guztiak aktibatzen dira; hau da 'Mercedesen metodoa'; gainbalio ekonomikoa guztiaren aurretik", kritikatu du ELAk. Adierazi dutenez, enpresaren erabakiek "argudio gehiago" eman dizkie "txanda berriaren aurka egoteko, besteak beste, ehunka langile kalean utzi dituelako".

"Duela gutxi, langile horiek ez ziren behar produkzioa aurrera ateratzeko, edo, behintzat, hori adierazten ziguten. Eta orain zer? Mercedes familia askoren ogiarekin jolasten ari da", deitoratu du sindikatuak.

Gainera, azaldu dutenez, enpresako hitzarmenak ahalbidetu du egoera; aurten berriro negoziatzekoa den hitzarmenak, hain zuzen ere. Gogora ekarri dutenez, hitzarmenaren inguruko negoziazioak hastear daude, eta, horregatik, "antolakuntzara eta mobilizaziora" deitu du ELAk, "lan eta gizarte baldintzetan aurrerapenak eta hobekuntzak lortzera bidean errezeta bakarrak" direlako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide