Tranbiaren lanek Salburuko trafikoari eragingo diote datozen lau hilabeteetan

Erredakzioa 2021ko api. 13a, 18:17
Ezingo da Salburuko Bulebarrera sartu Bratislava, Nicosia eta Varsovia kaleetatik. / GM

Ostegunetik aurrera eta datozen lau hilabeteetan, Salbururako tranbiaren lanek trafikoari eragingo diote. Besteak beste, ezingo da Salburuko Bulebarrera sartu Bratislava, Nicosia eta Varsovia kaleetatik.

Aurrera doaz tranbia Salburua auzora eramateko obrak. Une honetan, Salburuko Bulebarrean garatzen ari dira lanik gogorrenak, Europako Batasunaren plazaren eta Iliada hiribidearen artean.

Datozen egunetan, aldaketak aurreikusi dira eremu horretako trafikoan, tranbiaren plataforma eta nasak eraiki ahal izateko. "Lanek enbarazua egin dezakete, baina beharrezkoak dira tranbia-sistema ezartzeko. Ziur gaude ahaleginak merezi duela", adierazi du Mugikortasun zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. 

Zirkulazio aldaketek bi fase izango dituzte:

  • Lehenengo fasea ostegunean hasiko da, eta hiruzpalau hilabeteko iraupena izango du: ezingo da Salburuko Bulebarrera sartu Bratislava, Nicosia eta Varsovia kaleetatik.
  • Bigarren fasea: Varsovia kalearen eta Salburuko Bulebarraren arteko bidegurutzea irekitzen denean, ezingo da Elorriagako atetik sartu Salburuko Bulebarrera. Plangintza horrekin mantendu ahal izango da Tuvisaren 6. linea Salburuko inguru horretan.

 

Adar berria

15,5 milioi euroko inbertsioa beharko duen Salburuko adar berriak 2,5 kilometro izango ditu, eta Salburua, Judimendi eta Santa Luzia auzoetako 37.000 bizilagun ingururen mugikortasuna erraztea izango du helburu. Eusko Trenbide Sareak (ETS) zuzenduko ditu lanak, eta, Gasteizko Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak finantzatuko dute.

Ibilbide berriaren hasiera Florida, Los Herran eta Las Trianas kaleek bat egiten duten puntuaren inguruan dago. Ondoren, bost geltoki berri izango dira: Santa Luzian, La Iliadan, Nikosian, La Unionen eta Salburuko Martxoak 8 Etorbidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide