Tranbia Salburura luzatzeko lanak lizitatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2019ko aza. 7a, 17:44
Tranbiaren obrak Las Trianas inguruan. IREKIA

Adar berriak 2.575 metroko luzera du, eta egiturari, tamainari eta formari dagokienez, berdinak izango diren eta nasak alboetan izango dituzten bost geltoki berri eraikitzea aurreikusten du. Santa Luzian, La Iliadan, Nikosian, La Unionen eta Salburun egongo dira.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, argi berdea emango dio ostiralean Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapenaren eraikuntza lanen lizitazioari. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17,2 milioi eurokoa da, eta aurreikusitako egikaritze epea 30 hilabetekoa.

Tranbiaren luzapena Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza da. Lakua, Abetxuko, Erdialdea eta Hegoaldea adarren eraikuntzan bezala, Jaurlaritzak %65 jarriko du eta Aldundiak eta Udalak, berriz, erdi bana finantzatuko dute gainerakoa (%17,5). Administrazio ezberdinen arteko finantzaketa hitzarmenaren kopuru orokorra 24 milioi eurotakoa da, orain lizitatzen den 17,2 milioi eurotako obra zibila eta aurrerago burutuko den instalazio partearekin osatzen delarik.

Bi kilometro eta erdiko luzera

Adar berriak 2.575 metroko luzera du, eta egiturari, tamainari eta formari dagokienez berdinak izango diren eta nasak alboetan izango dituzten bost geltoki berri eraikitzea aurreikusten du. Santa Luzian, La Iliadan, Nikosian, La Unionen eta Salburun egongo dira.

Tranbiaren luzapenak hiriaren ekialdean dauden auzoen zuzeneko lotura hobetzea ahalbidetuko du. Zehatzago esanez, Santa Luzia eta Salburu auzoak erdigunearekin, Lakuako autobus geltokiarekin eta gaur egun dauden lineen zerbitzuak dituzten guneekin. Era berean, auzo horiek Hegoalderekin eta EHUko campusarekin lotzeko aukera ematen du, abian jarriko den Hegoaldeko luzapenari esker.

Lotura Salburuarekin: trazatua

Ibilbide berriaren hasiera Florida, Los Herran eta Las Trianas kaleek bat egiten duten puntuaren inguruan dago. Calasanz-Eskolapioen ikastetxearen itxiturarekin paraleloan, tranbiaren plataformak hartuta.

Florida eta Jacinto Benavente kaleek bat egiten duten biribilgunean, trazatuak eskuinera egingo du, 230 metro luze den zuzengunera igarotzeko. Bertan dago lehen geltokia, "Santa Luzia", nasak alboan eta katenariaren zutabeak erdian dituena, Vicente Alexandre kalearekin bat egiten duen biribilgunea zeharkatu aurretik.

Florida kalearen iparraldeko galtzadatik jarraitzen du, ezkerrera biratuz, eta Astronomoen kalearekin bat egiten duen biribilgunea igaro ondoren, trazatua Iliada pasealekuan barneratzen da. Kale horretan dago tarte horretako bigarren geltokia, "La Iliada", hori ere nasak alboan eta katenariaren zutabeak erdian dituena.

90 graduko bira egin ondoren, tranbiaren plataformak bulebarraren mendebaldeko galtzadaren gaina hartzen du, 645 metroko lerrokadura zuzenarekin. Tarte horretan beste bi geraleku daude: "Nikosia" eta "La Union".

Ondoren, tranbiaren plataformak Batasunaren Plazako biribilgunea zeharkatuko du, Salburuko Bulebarreko tarte bateko galtzadatik aurrera egiingodu, Aerodromoaren pasealekuan oinezkoentzako dagoen gunetik jarraituko du, hainbat bidegurutze zeharkatuko ditu, eta azkenik, Juan Carlos I.a Etorbideko erdibitzailearen gainean dagoen pasealekurako eta lorategirako eremuaren gainetik egingo du aurrera.

Azken geralekua, "Salburua", auzoaren erdian kokatzen da. Juan Carlos I Etorbidean, hain zuzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide