Arabarron memoria

Konpost taldearen 'Emak Bakia' eta Andre Maria Zuriaren dekapitazioa

Erredakzioa 2021ko api. 1a, 11:00

Konpost talde gasteiztarrak bere lehen diskoko Emak Bakia kantaren bideoklipa estreinatu du. Laukoteak Gardelegiko zabortegian eta hiriburuko kaleetan grabatu du bideoa, Unai Lopez de Armentia aktorearen laguntzarekin.

Kanta horrekin, Konpost taldeak Gasteizko historiaren kapitulu bitxi bat omendu nahi izan du: 1982ko martxoan gertatutako Andre Maria Zuriaren dekapitazioa. Izan ere, urte horretan, ezezagun talde batek XIV. mendean sortutako Andre Maria Zuriaren eskultura bat apurtu zuen.

Eliza Katolikoaren aurkako ekintza sinbolikoak garaiko prentsa eta baita garaiko jendarte kontserbadorea ere asaldatu zuen. Hedabideek, ondare historiko-artistikoaren aurkako erasoa seinalatzeaz gain, Gasteizko gizartearen baloreen eta izaeraren kontrako erasotzat hartu zuten ekintza.

Ekintzaren argazki historikoa. / Irudia: @Landerlandia

 

Urte horietan, mugimendu antiklerikal indartsu baten kimuak loratzen ari ziren Arabako hiriburuan. Lau hamarkadako diktadura frankista nazional-katolikoaren ostean, apaiz eta militarren hiriaren kolore grisa desagertzen hasia zen, pixkanaka. Punk mugimenduaren eta gazte mugimendu autonomoen eztanda iristen ari zen Gasteizera. Handik urtebetera, 1983ko abuztuan, Hala Bedi irratia jaio zen; bost urte beranduago, Gasteizko Gaztetxea.

Andre Maria Zuriaren dekapitazioak ez zuen, berez, hori guztia eragin. Baina urteetan zehar, isilpean, gasteiztar askoren oroimenean gordeta izan da. Eta, hain zuzen ere, ekintza horren memoria antiklerikala omendu nahi izan du Konpostek.

Ekintzaren oihartzuna garaiko hedabideetan. / Irudia: @Landerlandia

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide