Crowdfundingak amaituta, aurrera doaz Batera deialdiko kultur proiektuak

Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 10:00
Maider Lasa; Jone Laspiur 'Larrugorritan' seriean; eta Eñaut Zubizarreta. / ALEA

Batera diru laguntza deialdian aukeratutako hiru proiektuen crowdfunding kanpainek helburu ekonomikoak lortu dituzte, eta ekainaren 22tik 24ra bitartean aurkeztuko dira Oihanederren.

Maider Lasaren Loa, loa laguna, helduentzako sexu lo kantez osatutako diskoa; Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botasen Larrugorritan, gazteei zuzendutako fikziozko seriea; eta Eñaut Zubizarretaren Poliedro Vol. 1, biolontxeloa gaur egungo musikara egokitutako kantuz eta partituraz osatutako disko-liburua.

2021eko Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru laguntza deialdiak hiru proiektu horiek aukeratu zituen otsailean, eta, ondoren, 40 egun izan dituzte crowdfunding kanpainaren bidez beharrezko dirua biltzeko.

Eta iritsi da eguna: Itsulapikoa.eus plataformaren bitartez, gutxieneko helburu ekonomikoak lortu dituzte. Horrela, proiektu bakoitzak 4.000 euro baino gehiago izango ditu proiektuak aurrera eramateko.

Aurkezpenak ekainaren 22tik 24ra

Beraz, sormen lanaren txanda da orain. Taldeek hiru hilabeteko epea izango dute beren proiektuak gauzatzeko. Horretarako, bakoitzak beren lan-katea osatu beharko du, eta ilustratzaile, aktore, bideo-sortzaile, musikari, eta abarrekin bat egin beharko dute, elkarlanean beren proiektuak egikaritzeko.

Ondoren, ekainaren 22tik 24ra bitartean Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dituzte lanak, hiru egunez jarraian.

Ekainaren 22an, asteartean, Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botasek osatutako lantaldeak Larrugorritan seriearen lehen kapitulua estreinatuko du:

Ekainaren 23an, asteazkenean, Maider Lasak Loa, loa laguna diskoa aurkeztuko du:

Ekainaren 24an, ostegunean, Eñaut Zubizarretak Poliedro Vol. 1 proiektuan oinarritutako kontzertua emango du:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide