Gazteen hiru sormen proiektu finantzatzeko oinarriak jarri ditu Batera deialdiak

Erredakzioa 2021ko ots. 18a, 18:30
Batera deialdian aukeratutako proiektuak aurkeztu dituzte aste honetan. / OIHANEDER

Batera diru laguntza deialdiak hiru proiektu aukeratu ditu: Loa, loa lagunak diskoa, Poliedro Vol. 1 disko-liburua eta Larrugorritan fikziozko seriea. 40 egun dituzte crowdfunding kanpainaren bidez beharrezko dirua biltzeko.

Maider Lasa, Eñaut Zubizarreta, Ane Nafarrate, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteak Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdian aukeratutako sortzaileak. 2020ko urrian, Gauekoak programak, Oihaneder Euskararen Etxeak, Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak abiatu zuten deialdia, Gazteen artean euskaraz garatuko diren kultur proiektuak sustatzeko.

Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen, Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko; eta dagoeneko martxan dira, 40 egunez finantzazio kolektiboa bilatzeko prest. Oinarri gisa, aukeratutako hiru kultur proiektuei 2.000 euroko ekarpena egingo zaie; gainera, crowfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza jaso dute.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu horiek aukeratu zituen "beren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa" dela-eta, Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkariaren hitzetan.

 

Maider Lasak Loa, loa laguna izenburupean helduentzako sexu lo kantez osatutako diskoa egin nahi du. Proiektu honen baitan, diskoaz gain, bideoak eta zuzeneko ikuskizun baten grabazioa ere egin nahi ditu. Ekimen artistiko honen bidez, euskal lo kanta herrikoiak berreskuratu nahi ditu, eta bide batez, sexu-energia ikertu.

Oihaneder-Gauekoak antolatzaile bikoteak emango dio laguntza Gasteizko proiektu onenari.

 

Taldean aurkeztu dute beren proiektua Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteek: Larrugorritan, gazteei zuzenduta dagoen euskarazko fikziozko serie bat da. Bost kidez osatutako kuadrilla batek emakume eta gizonezkoen estereotipo eta mitoekin apurtuko du. Euskal gazteek egunerokotasunean bizi dituzten gatazkak eta dilemak jorratuko dira seriean: Enak, Nikok, Larak, Alik eta Maik haien mendeko gaiei egin beharko diete aurre: drogak, sexua, identitate-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna.

Arabako proiektu aukeratuari Vital Fundazioak emango dio laguntza.

Eñaut Zubizarretaren Poliedro Vol.1 proiektuak biolontxeloa gaur egungo musiketara egokituko du. Horretarako, proiektua bi zatitan bereiztuko du: alde batetik, forma eta kolore anitzetako 19 abestiz osatutako diskoa egingo du. Biolontxeloarekin beste musika bat egitea posible dela ikusarazi nahi du modu honetan Zubizarretak. Eta bestetik, eta hari beretik tiraka, gaurko eta biharko txelista, biolinista eta abarrak lengoaia berri hauetan hezi nahi ditu; horretarako, metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat ere argitaratuko du proiektu honen baitan.

Laboral Kutxak emango dio laguntza Euskal Herri mailako proiektu onenari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide