Koronabirusa

Odon de Apraiz ikastetxeak baheketa masiboa eskatu du, 150 ikasle konfinatu ondoren

Erredakzioa 2021ko mar. 18a, 11:36

150 ikasle inguru konfinatuta daude Odon de Apraiz ikastetxean. / ALEA

150 ikasle eta hamar irakasle konfinatuta, eta gutxienez 34 positibo baieztatuta. Zentroan sortutako agerraldiaren aurrean, Odon de Apraiz ikastetxeak baheketa masiboa eskatu du, baina, oraingoz, Hezkuntza Sailak ez du eskaera onartu.

ALEAk ikastetxeko iturrien eskutik jakin duenez, une honetan, 150 ikasle eta hamar bat irakasle konfinatuta daude Zaramaga auzoko Odon de Apraiz ikastolan. Gainera, momentuz, lau irakaslek eta 30 ikaslek Covid-19an positibo eman dute. Ikastetxeak, 460 ikasle inguru ditu, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako hogei ikasgelatan banatuta.

Hedabide honi azaldu diotenez, zentroak baheketa masibo bat egitea eskatu dio Hezkuntza Sailari. "Ez digute kasurik egin", salatu dute ikastetxeko langileek, hitzez hitz. Beraz, Hezkuntza Sailak ez du zentroaren eskaera onartu, momentuz.

Hezkuntza Sailaren datuak

Egunean zehar, Hezkuntza Sailak baieztatu du Odon de Apraiz ikastolako agerraldia, eta lau ikasgela itxi direla jakinarazi du: horietako bi Haur Hezkuntzakoak dira, eta duela egun batzuk itxi ziren; beste biak Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak dira. Hala ere, ikastetxeko iturriek 150 ikasleren konfinamendua jakitera eman duten bitartean, Hezkuntza Sailak 90 inguru baino ez ditu baieztatu.

Horrez gain, bere horretan jarraitzen du Marianistas ikastetxeko agerraldiak: dagoeneko 21 positibo atzeman dira, eta Batxilergoko bigarren mailako bost klaseetatik lau itxi behar izan dituzte; agerraldiak hemeretzi ikasle eta bi irakasleri eragin die, momentuz.

Bestalde, Gasteizko San Jose unibertsitate egoitzan baheketa bat egingo dela baieztatu du Osasun Sailak, zenbait positibo atzeman ostean.

Urtebete pandemiaren hasieratik

Hain zuzen ere, 2020ko martxoaren 9an, Odon de Apraiz ikastetxean atzeman zen pandemiaren hasierako lehen agerraldietako bat. Orduan, bi positibo atzeman ziren irakasleen artean; ikastetxea itxi behar izan zen, eta handik bi egunetara EAEko hezkuntza zentro guztien itxiera agindu zuen Hezkuntza Sailak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago