Topaguneak, GEU elkarteak, Lazarraga elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako Eragiteko janzten jardunaldien bigarren saioa ospatuko da datorren asteartean, martxoak 23, Oihaneder Euskararen Etxean. Oraingoan Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna Topalabe taldeko kideak izango dira Berrindartu eta jauzi txostenean landutako gaiei buruzko hausnarketak partekatzen.
Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez sortutako taldea da Topalabe taldea eta 2013an egin zuen taldeak lehen bilkura, Euskaltzaleen mugimenduaren Kongresuan onartutako lan-ildo bati erantzunez. "Diskurtso sortzaile izan, mugimenduaren norabidea markatu, hizkuntz politika ofizialen irakurketa egin eta mugimenduaren ahotsaren errepresentazioa izatea" eskatzen zaio talde honi.
Taldearen sorreratik anitzak izan dira bertan landu diren gogoeta ildo eta aztergaiak, baina orain arteko ibilbidean argitaratutako bi dokumentuak izan dira mugarri nagusiak: 2015ean kaleratutako Berrikasi eta Berrikusi txostena eta 2020an argitaratutako Berrindartu eta jauzi gogoeta.
Kide ezberdinak izan ditu Topalabek urteotan eta taldera batu diren lagunek bi ezaugarri dituzte: soziolinguistikaren arloan badute zeresana, beraien ibilbideagatik (aditu edo aritu bezala), eta euskaltzaleen mugimenduko kide edo hurbileko pertsonak dira. Berrindartu eta jauzi gogoeta argitaratzerakoan ondokoak izan dira taldekideak: Karmelo Aiesta, Kike Amonarriz, Xabier Erize, Mikel Irizar, Iker Martinez de Lagos, Iñaki Martinez de Luna, Jasone Mendizabal eta Jon Sarasua.
Euskararen egoera aztergai
Topaguneak egindako hausnarketaren arabera, gaur egun euskararen biziberritze-prozesuan jauzi kualitatiboa emateko abagunea dugu. Aukera, eta baita premia ere, genituen erronkei, berriak gehitzen ari baitzaizkie, eta aurreko hamarkadetan aurreratutakoa indartzen, elikatzen eta zabaltzen ez bada, irabazitakoa galtzeko arrisku bizia baitugu.
Berrindartu eta jauzi txostenaren bidez, hurrengo hamarkadetan euskararen erabileran jauzi hori lortze aldera eman beharko liratekeen pauso handiak irudikatu eta lehentasunez jorratu beharko liratekeen esparruak identifikatu nahian. Txostena, "euskararen biziberritze prozesua berrikusi eta berrikasi ondoren, berrindartzeko eta jauzi egiteko sortu diren aukeren analisia eta estrategia proposamena" dela dio sarrerako paragrafoak. Hain zuzen, gogoeta lan honi buruzkoak izango dira mintzagai Eragiteko janzten jardunaldien bigarren saioan.
- Martxoaren 23an, asteartea, 18:30ean, Oihaneder euskararen etxean.
BERRINDARTU ETA JAUZI txosten-proposamena, Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna (Topalabe taldea). - Jardunaldian parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, eta modu telematikoan egin daiteke eskaera.