Olarizuko bizilagunei hamar eguneko epea eman die Udalak, okupatutako etxebizitzak husteko

Erredakzioa 2021ko mar. 12a, 12:00

Otsailean, bizilagunek berriro errekurritu zuten agindua. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Udalak ezetsi egin ditu Olarizuko etxebizitza okupatuetako bizilagunen errekurtsoak, eta hamar eguneko epea eman die etxeak husteko. Ez badute egiten, Udalak epaitegien esku utziko du espedientea.

Gorka Urtaran alkateak ostiral honetan jakinarazi duenez, udal gobernuak adostu du Olarizuko etxebizitza okupatuetan gelditzen diren 26 bizilagunen berraztertze-errekurtsoak ezestea.

Udalak etxegabetze prozedura iragartzeko jakinarazpenak bidali zizkienean aurkeztu zuten errekurtsoa bizilagunek, otsailean. Gainera, euren "beharretara egokitutako" etxebizitzetan birkokatzea eskatu zuten. "Lege konstituzionala eta giza eskubideak urratzen dituzte, eta haien asmoa da gu guztiok kale gorrian uztea bizitegi alternatibarik gabe. Etxebizitza duina izatea eskubidea da, ez luxua", salatu zuten.

Orain, errekurtsoak aztertu eta berrikusi ditu Udalak, eta horiek ezestea erabaki du. Hortaz, pertsona horiei jakinarazpenak bidaliko zaizkie berriro, 2021eko urtarrilaren 29ko akordioaren nahitaezko betearazpena abiaraziko dela jakinarazteko; akordio horrek etxebizitzak Udalaren esku uztea eskatzen zuen.

Ostiral honetan jakinaraziko zaie agindua, eta jasotzen dutenetik hamar eguneko epea izango dute etxebizitzak husteko. Epe hori igarotzen denean, etxebizitzak husten ez badituzte, etxegabetzea epailearen aginduz egin beharko litzateke; beraz, Udalak epaitegien esku utziko du espedientea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide