Udaberriarekin batera, Lluis Homar, Rocio Molina, Yllana eta Rodrigo Cuevas Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mar. 9a, 12:37
Lluis Homar, 'El príncipe constante' antzezlanean. / TEATRO DEL SOHO

Udalaren Antzoki Sareak 32 ikuskizun eskainiko ditu udaberriko denboraldian. Apiriletik ekainera, besteak beste, Lluis Homar, Rocio Molina, Yllana eta Rodrigo Cuevasen azken lanak aurkeztuko dira Gasteizen.

Udaberriko denboraldia aurkeztu du astearte honetan Gasteizko Udalaren Antzoki Sareak. Apiriletik ekainera bitartean, 32 ikuskizun eskainiko dira guztira: horietako 26 Principal Antzokian, eta beste sei gizarte etxeetako antzokietan.

"Oso programazio oparoa prestatu dugu; izan ere, osasun krisiak iraun bitartean programatzea dugu obsesio, programatzea eta programatzea, tokiko kultur ehunari lana bermatzea xede", azpimarratu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Antzerkia

Principal Antzokian helduentzako lau antzezlan antolatu dira:

  • Apirilaren 13an: Pedro Páramo, Vicky Peña eta Pablo Derquirekin.
  • Maiatzaren 22an: Ron Lalaren Andanzas y entremeses de Juan Rana.
  • Maiatzaren 29an: Matar cansa, Jaime Lorenteren eskutik
  • Ekainaren 5ean eta 6an: El príncipe constante antzezlana, Calderon de la Barcaren lan bikainetako bat. Compañía Nacional de Teatro Clásico konpainiak ekoiztu du, Gasteizko Principal Antzokiarekin, Bilboko Arriaga antzokiarekin eta Malagako Teatro Soho CaixaBankekin lankidetzan. Lluis Homar du aktore.

Horrez gain, euskarazko bi ikuskizunez ere gozatu ahal izango du Gasteizko publikoak:

  • Apirilaren 15ean: Tanttaka Teatroa konpainiaren Ameriketako Bidaia.
  • Maiatzaren 5ean, Txalo Produccionesen Konpromisoak.

Jim Aktual zikloak ere ez du huts egingo Jesus Ibañez de Matauco antzokian duen hileko hitzordura, eta elkarren artean oso ezberdinak diren bi lan aurkeztuko dira bertan:

  • Apirilaren 22an: Sueños y visiones de Rodrigo Rato, Teatro de Barrio konpainiarena.
  • Maiatzaren 20an: A.K.A (Also Knows as); 2019ko Max sarietako  errebelazio-ikuskizunen ataleko irabazlea.

Dantza

Udaberriarekin batera, dantza garaikidea ere itzuliko da Principalera, kalitate artistiko handiko eta oso estilo desberdinetako hiru lanekin:

  • Apirilaren 17an: Dantzaren Sari Nazionala duen Rocio Molina, Impulso, vuelta a uno bere azken lanarekin.
  • Maiatzaren 7an: Gasteizera lehen aldiz datorren Kor'sia konpainiak ballet klasikoaren obrarik gorenetako bat eskainiko du, Giselle.
  • Ekainaren 18an: Hnuy Illa aurkeztuko du Kukai dantza taldeak; ikuskizun berri onenaren 2009ko Max sarien irabazlea, euskal konpainiaren 25. urteurrena ospatzeko.

Horrez gain, apirilaren 18an, Felix Petite antzokiak dantza inklusiboan erreferente den Danza Movile konpainiaren El festín de los cuerpos hartuko du.

Bestalde, Dantza Sarean zikloaren IV. edizioaren barruan, dantzaren arloan ibilbide garrantzitsua duten hainbat euskal koreografek hartuko dute parte:

  • Maiatzaren 14an: Matxalen Bilbaok Serenity Suite aurkeztuko du Natalia Garciarekin batera.
  • Maiatzaren 22an: Judith Argomanizek bere azken lana, Dead, eskainiko du Lasala konpainiarekin.

Umorea

Ekainero bezala, Umore Giroan zikloa itzuliko da, eta oraingoan bi ikuskizun izango ditu:

  • Ekainaren 12an: Feminismo para torpes.
  • Ekainaren 19an: Yllanaren azken proposamena, Green Piss; ekologiari, gure planetaren etorkizunari eta gure espeziearen biziraupenari buruzko satira dibertigarria.

Ikuskizuna Ibaiondon programaren barruan, maiatzaren 28an, Sexpearek bere azken lana aurkeztuko du, Ronejo.

Musika

Denboraldi berriko kultur eskaintzan, musikak ere protagonismo handia izango du:

  • Maiatzaren 14an: Paco Ibañez artista valentziarrak joko du Principal Antzokian, Poetak Maiatzean jaialdiaren barruan.
  • Maiatzaren 15ean: Rodrigo Cuevasek Trópico de Covadonga aurkeztuko du; elektronika, umorea, performance-a eta musika kode garaikideak izango dira protagonista.
  • Ekainaren 11n: Anari abeslariaren kontzertua izango da, eta argi utziko du euskal ahots ospetsuenetakoa bihurtu izanaren arrazoia.

Horrez gain, Kontzertu Handien Zikloa ez da faltako:

  • Apirilaren 23an: Alfonso Gomez piano-jotzaile gasteiztarra eta Caim Ensemble, Preludes lanarekin.
  • Maiatzaren 13an: Camerana Ireland, Barry Douglas zuzendari eta piano-jotzailearekin.

Euskadiko Orkestrak lau programa eskainiko ditu:

  • Apirilaren 14an eta 20an: Bruckner.
  • Maiatzaren 10ean: Gazteak/Jóvenes.
  • Maiatzaren 26an: Camarada Errante.
  • Ekainaren 17an: New York.

Bestalde, Udalaren Musika Bandak abonamenduko kontzertuekin jarraituko du:

  • Apirilaren 21ean: Globlaliz-acción.
  • Maiatzaren 12an: Rumbo al optimismo.

Familientzako ikuskizunak

Ume eta familientzako eskaintzak lau ikuskizun dibertigarri izango ditu. Alde batetik, Euskadiko Orkestraren bi kontzertu, antzoki sarearekin lankidetzan: apirilaren 18an: Mozart, Narnel eta lagunak; eta maiatzaren 9an, Living Room music maiatzaren 9an.

Gainera, Udal Musika Bandak pop eta rock musikadun De New Orleans a Abbey Road kontzertua emango du maiatzaren 23an.

Amaitzeko, Leihoak lana nola egin zen erakutsiko die txikienei Teatro Paraiso konpainiak maiatzaren 30ean; ikuskizun hori azaroan estreinatuko da, Onirica Mecánica konpainiarekin lankidetzan.

Abonamenduak eta sarrerak

Abonamenduen salmenta martxoaren 25ean, 26an eta 27an izango da, ohiko lekuetan.

Ondoren, abonamendu irekien salmenta martxoaren 29an iritsiko da. Leihatilan eta telefonoz erosi ahal izango dira, baina horretarako hitzordua aldez aurretik eskatu beharko da: martxoaren 15ean webgunean edo 945 16 10 45 telefono zenbakian, eta martxoaren 16ik aurrera leihatilan, ohiko ordutegian.

Azkenik, martxoaren 30ean, sarrera solteak erosteko aukera irekiko da, ohiko lekuetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide