Poetak Maiatzean jaialdiak Paco Ibañez ekarriko du Gasteizera

Erredakzioa 2021ko mar. 8a, 17:05
Paco Ibañez Principal Antzokian izango da maiatzaren 14an. / GASTEIZKO UDALA

Maiatzaren 7tik 29ra bitartean, modu presentzialean egingo da Poetak Maiatzean jaialdiaren IX. edizioa. Besteak beste, Paco Ibañez izango da Principal Antzokian, maiatzaren 14an.

Gasteizko kultur egutegiko ekitaldi hutsezin bihurtu den Poetak Maiatzean jaialdia aurkeztu dute astelehen honetan Udalaren Antzoki Sareak, Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta jaialdiko zuzendari Elisa Ruedak. "Poesia inoiz baino beharrezkoagoa da, pandemiak ezarritako murrizketak direla eta joaterik ez dugun lekuetara bidaiatzea ahalbidetzen baitigu", azpimarratu du Cantok.

Jaialdiaren ekitaldi nagusia maiatzaren 14an Paco Ibañezek Principal Antzokian eskainiko duen kontzertua izango da. Artista valentziarraren emanaldiaz gozatu nahi dutenek Udalaren Antzoki Sarearen ohiko bideetatik eskuratu ahalko dituzte sarrerak: martxoaren 25etik aurrera, abonamenduen bitartez; edo sarrera solteak erosiz, martxoaren 30etik aurrera.

"Paco Ibañez, poeten ahotsa. Humanista eta artista konprometituak emango duen kontzertua maitasun, askatasun eta duintasun proposamena da. Bidegabekeriaren, indarkeriaren eta izugarrikeriaren kontrako erresistentziaren sinboloa. Paco Ibañezen ahotsean eta musikan bilduta, XIII. mendeaz geroztik izan diren gaztelaniazko poeta handienen hitzak entzungo ditugu", azaldu du Elisa Ruedak.

2020ko edizioa online egin behar izan zen, pandemiaren ondorioz, baina aurten formatu presentzialera itzuliko da jaialdia. Oraingoz ez dute egitarauaren inguruko xehetasun gehiagorik eman, baina data hurbildu ahala ekitaldi gehiago ezagutuko ditugu. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide