Memoria Osoa ekimenak Gasteizko Udalaren babesa eskatu du

Erredakzioa 2021eko martxoaren 4a

Memoria Osoa egitasmoko ordezkariak Gasteizko udaletxean. / MARTXOAK 3 ELKARTEA

Memoria Osoa sareak agerraldia egin du Gasteizko Udalean, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionalaren "planteamendu baztertzailearen" aurrean erakundearen babesa eskatzeko.

Martxoak 3 Elkartea, Sanfermines78 Gogoan eta Egiari Zor Fundazioko ordezkariek, Memoria Osoa sarea osatzen duten hamalau erakunde memorialisten izenean, Gasteizko Udaleko gizarte politiken batzordean parte hartu dute ostegun honetan.

Bertan, abenduan aurkeztutako dinamikaren eta horren printzipioen inguruan mintzatu dira udal ordezkarien aurrean: "Bizikidetzak planteatzen dituen erronkei diskriminaziorik gabe eta gertatu denaren ikuspegi integralarekin heltzeko beharra", azpimarratu dute.

Joan den abenduan, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala abian jartzeak dakartzan "eredu diskriminatzailea eta planteamendu baztertzailea" kritikatu zituzten Euskal Herriko hainbat memoria eragilek. Proiektua "bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako erasoa" dela salatu zuten.

Memoria Osoa egitasmoko ordezkariek azaldu dutenez, datozen asteetan ekimen gehiago aurreikusi dituzte. Besteak beste, hezkuntza arloko eragileekin bilera erronda bat egingo dute, komunitate horren barruan bizikidetza "modu inklusiboan eta ez-diskriminatzailean" jorratzearen garrantziaz kontzientziatzeko, eta baita haren babesa eskatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago