Datorren asteazkenean, 45 urte beteko dira Martxoaren 3an Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hil zituztenetik.
"45 urte geroago, oroimenak bizirik dirau Gasteizen, belaunaldiz belaunaldi pasatuz gizarte justiziaren, antifaxismoaren eta klase borrokaren balioak, frankistek irudi kolektibotik ezabatu nahi izan zituztenak", adierazi dute ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek Martxoak 3 Elkartearekin asteazken honetan egindako prentsaurrekoan.
"Gasteizen ez dela inoiz Martxoaren 3 bat egongo non gertatutakoa gogoratuko ez dugunik", azpimarratu dute. Horregatik, urtero bezala, sindikatuek unean uneko borrokak jarriko dituzte mobilizazioen erdigunean, "zalantzarik gabe omenaldirik onena delako".
Omenaldia eta manifestazioa
Sindikatuek aurten deitutako ekimenen leloa Zaintza, oroimena eta borroka. Zaindu egin gintuztelako, zainduko ditugu izango da, pandemiaren testuinguruan zaintzaren garrantzia azpimarratzeko: "Zaintza lanak funtsezkoak baitira bizitzari eusteko; pandemiak erakutsi du, kapitalismo heteropatriarkalak prekarietatera eta esparru pribatura baztertu dituen bitartean", aldarrikatu dute.
Martxoak 3 Elkartearen biktimen omenaldia 18:00etan egingo da Martxoak 3 Plazan, eta manifestazioa 18:30ean irtengo da bertatik, Foru Plazaraino. "Gasteizko kaleak berriro beteko ditugu, guk ez baitugu ahazten", adierazi dute.
Zaintza sistema publikoaren alde
Erdigunean jarri nahi duten beste elementu bat "zerbitzu publiko hobeak garatzeko premia" da: osasunekoak, zaintzakoak, hezkuntzakoak, eta horien guztien lan baldintzen hobetzea aldarrikatuko dute. Azpimarratu dutenez, hobekuntza horiek aldarrikatzen ari dira zerbitzuetako langileak, "batez ere emakumeak eta, askotan, emakume migratuak".
Aurten, beraz, utzi gaituzten Martxoaren 3ko protagonista guztiak gogoratzeaz gain —tartean, Jesus Naves—, zaintza sistema publiko baten aldeko borroka aldarrikatuko dute.
San Frantzisko elizako memoriala
Jakina, San Frantzisko eliza memorial bihurtzeko prozesuari buruzko "ezinegona" adierazi dute sindikatuek, Memoria Gara egitasmoak berak erabilitakoak baino hitz gogorragoekin: "Aldebakarreko prozesu bat da, non ez duen euskal gehiengo sindikalak parte hartu. Propaganda politikoko ekintza bat dela uste dugu, prozesu horretan parte hartu duten administrazioak beraiek baitira langileen eskubideak egunerokotasunean gaitzesten dituztenak", kritikatu dute.