Plataformako bozeramaileen arabera, Euskal Herriko mendietan zentral eolikoak eraikitzeari buruzko eztabaida "duela hamarkada bat itxi zen". Izan ere, nabarmendu dutenez, Eusko Legebiltzarrak berak 2009an indargabetu zuen hura sostengatzen zuen Lurralde Plana, orain berriz ezarri diren kokalekuekin batera.
Beren balio ekosistemikoagatik aitortutako eremu natural horien babesa eskatu dute, "desagertzeko arriskua nabarmena baita". Azaldu dutenez, korridore ekologikoen bidez komunikatzen diren eremu naturalak dira. Korridore horien arteko lotura ezinbestekoa da ekosistema bizirauteko, Azazetako korridore ekologikoarekin gertatzen den bezala. Korridore ekologiko horrek Gasteizko mendiekin lotzen du Entzia (Iturrietako mendiak).
"Beraz, zentzugabekeria administratibo baten aurrean gaude, sakonean eta forman", salatu dute.
Alternatibak
"Energia berriztagarriak bai, baina ez horrela; ez du zertan mendien industrializazioa ekarri", adierazi du Mendiak Aske plataformak, "eredu deszentralizatu sozial" baten alde eginez. Gogorarazi dutenez, bere garaian, beste aukera batzuk proposatu ziren, hala nola Arabako Mugarri Plana, "eremu naturalei eragin gabe energia berriztagarrien helburuak betetzea lortzen zuena".
Aixeindar martxan jartzen ari den proiektuak Arabako Foru Aldundiaren "printzipioak eta politikak bertan behera" uzten dituela salatu dute, eta "lurraldeko eremu naturalen biziraupena bermatzeko eta defendatzeko" eskatu diote erakundeari. Hortaz, "kikildu gabe" beren ingurumen-politikak balia ditzatela exijitu diote.
Horrekin batera, eremu menditsu guztiak "premiaz eta behin betiko" bazterketa-eremu gisa izendatzea eskatu dute, azpiegitura mota horiek hartzea saihesteko.
Azkenik, abian dauden proiektuak "berehala" gelditzea eta eredu energetiko "adostu, demokratiko eta soziala" eskatu dute.
Urrats berri bat
Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak onartu egin dituzte Araban lau parke eoliko eraikitzeko Aixeindar sozietateak —Iberdrolak eta EEEk— aurkeztutako eskaerak. Orain, ingurumen-inpaktuaren balorazioaren zain geratu dira, proiektuak gauzatzeko behin betiko baimena eman aurretik.