EAEn sortutako energia berriztagarria %7tik %15era igotzea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa, baina, aurreikuspenen arabera, instalazio berri horiek EAEren ahalmen eolikoa (gaur egun, 153 MWkoa) hirukoiztu lezakete.
Horretarako, Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) joan den urtean sortutako Aixeindar sozietateak lau parke eoliko gehiago martxan jarriko diru Araban, asteazken honetan EiTBk Euskadi Irratian aurreratu duenez.
Hori da, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren asmoa, eta dagoeneko parke berriak izapidetzeko eskaera egin dute Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka demografikoaren Ministerioan; Azazetakoaren baimenak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren aurrean eskatu dira. Bi erakundeek abenduaren 25era arteko epea dute orain, eskaera horiek izapidetzen diren ala ez jakinarazteko.
Azaldu dutenez, azken hilabeteetan energia eolikoa modu errentagarrian ekoizteko egokiak diren neurketak egin dituzte, eta horregatik aukeratu dituzte lau kokaleku horiek:
- Azazeta (Arraia-Maeztu eta Bernedo): 40 MW
- Iturrietako mendiak (Arraia-Maeztu): 75 MW
- Arkamu (Erriberagoitia): 95 MW
- Labraza (Oion): 40 MW
Orain, proiektuek beharrezko baimen guztiak lortzen badituzte, parke eolikoak instalatzeari ekingo diote. Azken urteetan ez da parke eoliko berririk martxan jarri EAEn, eta, gaur egun, bi parke eoliko daude Araban; zehazki, Elgean eta Badaian.