Aldaialdeko familiek Eusko Legebiltzarreraino eraman dute protesta

Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 09:16

Aldaiaberri Guraso Elkartearen agerraldia Eusko Legebiltzarrean. / @PVasco_EuskoL

Gasteizko Udalaren irtenbide teknikoa positibotzat jo dute Aldaialdeko familiek. Hala ere, "ziurgabetasun handia" bizi dute eta lizitazioa "lehenbailehen" argitaratzea exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, kalean eta Legebiltzarrean.

Astelehen honetan urrats gehiago eman dituzte Aldaialdeko familiek. Alde batetik, ikastetxeko obrak lizitatzea eskatzeko manifestazio koloretsua egin dute Eusko Legebiltzarraren inguruan: "Erakundeei eta kargu publikoei gogorarazten diegu Aldaialde eraikitzea premiazkoa dela, eta egoera hori berehala desblokeatu behar dutela; ezin dugu atzerapen edo engainu gehiagorik onartu", azpimarratu dute.

Bitartean, parlamentuaren barruan, Aldaiaberri Guraso Elkarteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean parte hartu du. Bertan, familien egoera azaldu dute eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion azalpenak eskatu dizkiote, lizitazioaren argitalpena ez atzeratzeko exijituz.

Joan den astean, Aldaialde eraikitzeko "behin betiko irtenbide teknikoa" iragarri zuen Gorka Urtaran alkateak. Izan ere, Udalak hirugarren obra-lizentzia eman du, eta orain Eusko Jaurlaritzak argitaratu behar du lizitazioa, obrak esleitu eta gauzatu ahal izateko.

Euren seme-alabek bost urte barrakoietan igaro ostean, familiek positibotzat jo dute albistea, baina "irtenbide partziala" dela diote, eraikina altxatzeari lehentasuna emango zaion arren, bigarren fase bat "zintzilik" geratuko litzatekeelako: patioa, baratzea eta aparkalekua, lurperatze-planak eragindako lursailaren zatian.

"Lanak hasteko itxaropena izan arren, ziurgabetasun handia dugu", azaldu du Guraso Elkarteak, "ematen den hirugarren lizentzia delako eta orain Eusko Jaurlaritzak obrak lehenbailehen lizitatu arte itxaron behar delako".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago