Aldaialde eraikitzeko "behin betiko irtenbide teknikoa" iragarri du Urtaranek

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 17:36
Aldaialdeko familien manifestazioa, joan den larunbatean. / ALDAIABERRI G.E.

Gasteizko alkateak ziurtatu du Aldaialde ikastetxea eraikitzeko espedientean sortutako azken arazo juridikoa desblokeatu dutela. Obrak lizitatzeko "behin betiko urratsa" dela adierazi du.

Astelehen honetan, Lurraldeko udal batzordeaizan dira Aldaialdeko hezkuntza komunitateko ordezkariak. Familien azken mobilizaziotik bi egunera, Gorka Urtaran alkateak iragarri du Zabalganeko ikastetxea eraikitzeko dosierrean sortutako azken oztopo juridikoa "desblokeatu" dela, eta "irtenbide teknikoa" aurkitu dutela.

Eusko Jaurlaritzak zenbait "ziurgabetasun juridiko" antzeman zituen proiektua lehiaketara atera ahal izateko: proiektuan agertzen den zortasun-lerroa —trenbidearen informazio-azterlanetik hartua— ez dator bat Gasteizko hiri plangintzak baimendutako hiru metro inguruko distantziarekin.

Irtenbide bat bilatu nahian, Jaurlaritzak baldintza horretara egokitu du proiektua, ikastetxea lau metro inguru hegoalderantz eta ekialderantz mugituz. Urtaranek azaldu duenez, Jaurlaritzak baldintzarik gabeko lizentzia berria jaso du dagoeneko.

"Lanak lizitatuta ikusteko behin betiko urratsa izatea espero eta desio dut. Proiektua jaso dugu, eta lizentzia eman; benetan uste dugu dosierrak aurrera egin dezakeela", adierazi du Urtaranek, eta konpromisoa hartu du "lanean jarraitzeko eta Aldaialde burutu arte ez gelditzeko". Proiektuak arazo asko izan dituela gogora ekarri du alkateak, eta "denbora gehiegi hartzen ari dela" onartu du, gurasoen "aldartea, amorrazioa eta sinesgogortasuna" onartuz.

Aldaialdeko 359 ikasleek bost urte daramatzate barrakoietan, 2016tik: "Datozen hilabeteetan obrari ekin ahal izango zaio", ziurtatu du Gorka Urtaranek.

 

Bost urteko itxaronaldia

Bestalde, proiektua zein fasetatik igaro den azaldu nahi izan du alkateak. 2015eko martxoan, Javier Marotoren (PP) udal gobernuak ikastetxea eraikitzekoa den lursaila aukeratu zuen. "Lan hori ez zen erraza izan, inguruko lursailek ez baitzituzten betetzen proiektuak eskatzen zituen ezaugarriak", azaldu du alkateak.

Ondoren, 2016an, beste arazo bat sortu zen dosierrean, lursailak bizitegi-erabilera zuelako. Esku hartzeko aukerarik ez zegoenez, baldintzatzaile hori kentzeko behar zen hirigintza-aldaketa abiarazi zuen Urtaranen gobernuak, eta kendu egin zen.

Hurrengo eragozpena 2018an sortu zen, Udalari aurkeztutako proiektua ADIFen trenbidearen trazaduran sartzen zela ohartu baitziren. Hainbat aldaketaren ostean, trazadura ez da lursail horretatik igarotzen.

Alkateak azaldu duenez, 2019ko udaberrian bi agertoki zeuden arazoa konpontzeko: lehena, ADIFek baimena ematea trazadura "zapaltzeko", baina enpresak ezezkoa eman zion eskaerari; bigarrena, beste aukera bat bilatzea.

Hain zuzen ere, Gasteizko Udalak baldintzapeko lizentzia proposatu zuen, eta 2019ko urrian eman zuen lizentzia: "Gakoa aurkitua genuelako uste osoarekin, Gobernuak proiektua berregin zuen eta lizentzia eman genuen, eraikinera mugatuz", azaldu du alkateak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide