Montehermoso, proiektu artistiko berrien bila

Erredakzioa 2021ko ots. 10a, 13:00
Miriam Isasiren 'Doppler Eco Tac', aurreko edizioetako lanetako bat. / MONTEHERMOSO

2021erako proiektu artistikoen deialdian parte hartzeko epea ireki du Montehermosok. Interesdunek apirilaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dituzte seigarren ediziorako proposamenak. Lau proiektu aukeratuko dira 2022an ikusgai jartzeko.

Montehermoso Kulturunearen proiektu artistikoen deialdia seigarren ediziora iritsi da, eta 2021ean parte hartzeko epea ireki du jada. Izena emateko epea apirilaren 6ra arte dago zabalik, eta aukeratutako lau proiektuak 2022an jarriko dira ikusgai.

Urtero bezala, bertako artisten arte garaikideko hiru proiektu eta ikus-entzunezkoen proiektu bat ekoizten lagunduko du deialdiak; baita lan horiek ezagutarazi eta erakusten ere. Deialdiaren bitartez, produkzio-aurreko edo ekoizpen prozesuan dauden proiektuak aukeratuko dira, eta Montehermoson aurkeztuko dira, hurrengo urteko programazioaren barruan.

24.000 euroko zuzkidura du deialdiak, eta hautatutako proiektu bakoitzak 6.000 euroko laguntza jasoko du.

Erakusketaz gain, deialdiak proiektu bakoitzari laguntzeko jarduera osagarrien programa bat barne hartzen du; hala nola bisita gidatuak, lantegiak edo hitzaldiak, publikoarekin zuzeneko harremana lotzearren. Gainera, Montehermosok proiektu bakoitzaren katalogoa argitaratuko du.

Sei edizio

2016an, bertako artista eta sortzaileei laguntzeko helburuarekin, deialdiaren aurrekontua 12.000 eurotik 18.000 eurora igo zuen Kultura Sailak, eta hurrengo edizioetan 24.000 euroraino iritsi da.

"Aurkeztutako proiektuen kopuruak eta kalitateak erakusten du sektoreak apustuari egindako harrera ona. Pandemiak sortutako zailtasunak zailtasun, 2020an 83 proiektu aurkeztu ziren guztira", azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Aurkeztutako guztien artean, lau aukeratu dira 2021ean zehar erakusteko: Alberto Lomasen Translaciones Imposibles; Zuhar Iruretagoienaren Si cae caballo, cae imagen; Gala Knörren How to make friends and influence people, eta Miriam Isasiren Tósigo.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide