Miriam Isasi, Gala Knörr, Alberto Lomas eta Zuhar Iruretagoiena hautatu ditu Montehermosok

Erredakzioa 2020ko urr. 5a, 18:24
Miriam Isasiren lana aukeratu du Montehermosok. / Montehermoso

Euren proposamenak 2021eko erakusketa programaren barruan aurkeztu ahal izango dituzte.

Lau lan aukeratu ditu Montehemoso kulturuneak 2020ko proiektu artistikoetarako deialdian. Euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte Gasteizko kulturunean 2021ean, erakusketa egitarauaren barruan: Miriam Isasi, Gala Knörr, Alberto Lomas eta Zuhar Iruretagoiena. Hiru proiektu plastiko eta ikus-entzunezkoen alorreko sorkuntza-lan bat aurkeztuko dituzte.

Programaren helburua da tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazteko eta horietaz hausnartzeko. Deialdi irekia egiten da horretarako, eta adituen epaimahai batek aukeratzen ditu lanak; egileek 6.000 euroko laguntza ekonomikoa jasotzen dute, eta katalogo bat ere argitaratzen da.

Guztira 83 proiektu aurkeztu dira edizio honetan. Hauek izan dira hautaketa-batzordeko kideak: Itsaso Madariaga, EHUko Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Sailekoa; Enrique Martinez, Artium bilduma iraunkorraren kontserbatzailea, eta Luis Mª Pascual, Kultur Zentroetako burua, Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotziaren ordezkotzaz.

Lau lan

Miriam Isasik (Gasteiz, 1981) Hierba-Brea-Hebra izeneko lana aurkeztuko du. Proiektuaren abiapuntua lorategi botanikoen eta natur zientzietako museoen artxiboei buruzko ikerketa bat da. Lorenzo Prestamero ilustratzailearen herbarioa —Natur Zientzien Museoan gordea— ardatz hartuta, artistak landareei buruzko bi ikerketa-ildo landuko ditu, horien esentzia, ezaugarri, erabilera eta potentzialekin lotuta.

Gala Knorr (Gasteiz, 1984), berriz, How to make friends and influence people lanarekin helduko da Montehermosora. Jakin-minak bultzaturik, irudiak zergatik duen hainbesteko boterea ikertu du; izan ere, partekatu, hackeatu eta eraldatzen delarik genealogia bat sortzen du irudiak, eta arrastoari jarraitzea ezinezkoa da; genealogia horrek berak erabiltzaileek erantsitako afektuak eta irakurketak metatzen ditu.

Alberto Lomasek (Gasteiz, 1967) Translaciones Imposibles obra aurkeztuko du, mugak identifikatzeko artearen erabileraz hausnarketa egiten duen lana, eta muga horiek igarotzea bidezkoa ote den galdetzen dio bere buruari. Batetik, istemen sistema konplexu batean (internet) sartzen gara, eta badirudi sistema horretan mugak lausotu egiten direla, edo gutxienez askoz iragazkorragoak bihurtzen direla; aldi berean, ordea, garapen teknologikoa mugak sendotzeko eta pribilegioak babesteko erabiltzen da, askatasunaren eta segurtasunaren arteko hautaketa beste aukerarik ez duen hautaketatzat aurkeztuta.

Zuhar Iruretagoienak (Zarautz 1981) Si cae caballo, cae imagen proiektua landu du. Azken hilabeteetako osasun krisialdiak kolokan jarri ditu gizarte garaikidean jakintzat jotako gauza ugari. Batetik, askatasunaren fikzioa, egitura politikoak gorputzen eta gizakien gainean duen nagusitasuna, bestearen begirada kontrol tresna gisa, indibidualizazio falta, eta estatu hegemoniko eta soberanoa. Horrek guztiak ekarritako ondorioetako bat dugu denboraren eta espazioaren pertzepzioan beste eskala bat sortzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide