Urtarrilaren 2an indarrean sartu zen mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa mugatzeko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako errege dekretua. Urtarrilean zehar erabiltzaileak araudi berriaz ohartarazten ibili ostean, Udaltzaingoa otsailaren 2an hasi zen araudiaren urraketak zigortzen.
Otsailaren 2tik 8ra bitartean egindako 24 salaketak askotarikoak izan dira: hamahiru espaloitik eta oinezkoen gunetatik zirkulatzeagatik izan dira; beste hiru patinete batean pertsona bat baino gehiago joategatik; beste bi zirkulatzean telefono mugikorra erabiltzeagatik; beste bi 1.000 wattetik gorako patinetea matrikulatu gabe eramateagatik; beste bi kontrako noranzkoan joateagatik; beste bat entzungailuak jantzita zirkulatzeagatik; beste bat alkohol eta droga tasa gainditzeagatik; eta, azkenik, beste bat semaforo gorria ez errespetatzeagatik.
Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutierrezek datu horien berri eman du asteazken honetan, goizeko udal batzordean. Jakinarazi duenez, datorren astean informazio-kanpaina bat egingo da tokiko hedabideetan, patineteentzako arau berriak gogorarazteko.
Une honetan, Gasteizko Udala mugikortasunari buruzko ordenantza berria lantzen ari da, estatu mailako araudian jasota ez dauden alderdiak erregulatzeko.