200 euroko isunak espaloitik patinete elektrikoz ibiltzeagatik

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 29a

Oraingoz, errepidera jaitsi edo bidegorriak erabili beharko dituzte. / PIXABAY

Astelehenetik aurrera, Gasteizko Udaltzaingoak 200 euroko isunak jarriko ditu espaloitik patinete elektrikoz ibiltzeagatik.

Urtarrilaren 2an indarrean sartu zen Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren Errege Dekretu berria. Dekretuak "mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen" erabilera arautzen du, eta, besteak beste, patinete elektrikoak espaloietatik zirkulatzea debekatzen du. Zehazki, sei kilometro orduko abiadura gainditzen duten patinete mota guztietako erabiltzaileei eragingo die neurriak.

Horrenbestez, hasierako jakinarazpen epea igaro ondoren, astelehenetik aurrera otsailak 1—, espaloitik patinete elektrikoz doazenek salatuak izateko eta 200 euroko isuna jasotzeko arriskua dute. Udaltzaingoak salaketak egingo baititu haien kontra. Oraingoz, ibilgailu horiek errepidera jaitsi edo bidegorriak erabili beharko dituzte.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, izaera urbanoko bide publikoetako erabilera, trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautzen dituen udal ordenantza berria landu arte aplikatuko da Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren Errege Dekretua. Ordenantza udazkenerako aurreikusita zegoen, baina oraindik ez dago prest; zirriborroa amaitzen ari direla eta "aste batzuk" beharko dituztela esan du Gorka Urtaran alkateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago