Aldaialdeko familiak kalera itzuli dira, ikastetxea behingoz eraiki dezaten

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 09:00
420 pertsona inguru elkartu ziren manifestazioan. / ALDAIABERRI G.E.

400 lagun baino gehiago bildu dira asteburu honetan Gasteizen Aldaiaberri Guraso Elkarteak deitutako manifestazioan. Aldaialde ikastetxea eraikitzea "premiazkoa" dela aldarrikatuz, irtenbideak exijitu dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Udalari.

Larunbat eguerdian, Bilbo plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino abiatu dira Aldaialde ikastetxeko familiak, euren seme-alaben eskola eraiki ahal izateko urratsak eskatzeko, enegarrenez. Euren egoeraren berri eman eta erakundeei zein kargu publikoei gogorarazi zieten ikastetxea eraikitzea "premiazkoa dela eta egoera berehala desblokeatu behar dutela, atzerapen edo engainu gehiagorik" gabe.

Aldaialdeko familiek euren seme-alaben ikastetxearen eraikuntza "berehala" hastea behar dute. Gogorarazi dutenez, lizitazioa 2020. urtea amaitu baino lehen aterako zuela esan zien Eusko Jaurlaritzak, obrak 2021eko udan hasi ahal izateko. "Dena prest" zegoela ziurtatu zien Jaurlaritzak, "legezko ezein gaik ikastetxea eraikitzea galaraz ez zezan".

"Bere hitza ez betetzeaz gain, obrei ekiteko oso aldeko ez diren albisteekin hasi dugu urtea", kritikatu du Aldaiaberri Guraso Elkarteak. "Denok lizitazioa noiz argitaratuko zain geundela, bat-batean, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua agertu da komunikabideetan, esanez prozesua egoera juridiko zailean dagoela eta Hezkuntza Sailak ez duela ikusten ikastetxea eraikitzeko irtenbiderik epe laburrean". Adierazpen horien ostean, "etsipena, nahigabea eta haserrea oso handia" izan dela diote gurasoek.

Bosgarren ikasturtea da Aldaialdeko ikasleak barrakoietan daudela, eta gurasoen pazientzia agortzen ari da: "Zer dakarte esku artean Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak? Benetan nahi dute ikastetxea eraiki? Zergatik ez dira aztertzen ikastetxea eraikitzeko irtenbide guztiak? Zergatik hainbeste arazo tren bat inoiz pasatuko ez den lursail batengatik?", galdetu du guraso elkarteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide