58 pertsona inguru bizi dira gaur egun Olarizu hiribideko udalaren jabetzako etxebizitzetan. Udalak "legez kanpoko okupazioa" egozten die, baina etxebizitza eskubidearen aldeko kolektibo ugarik "Udalak etxebizitza eskubidea bermatu gabe" jarraitzen duela salatu dute. Horregatik, joan den azaroan, Olarizuko hainbat familiak desalojoen aurkako alegazioak aurkeztu zituzten.
Tokiko Gobernu Batzarrak ostiral honetan onetsi duen dosierrak jasotakoaren arabera, aurkeztu diren 37 alegazioak ezetsi ditu Udalak. Horrek atea ireki dio Udaltzaingoari Olarizuko etxebizitzak husteko jakinarazpenak egiteko. Poliziak banan-banan errekerituko die pertsona horiei "okupazioari amaiera emateko eta okupatutzat jotako etxebizitza Udalaren esku uzteko".
Udalak ohar bidez azaldu du, jakinarazpena jasotzen den egunetik, zortzi eguneko epe luzaezina izango dutela bizilagunek etxebizitza husteko.
Gorka Urtaran alkateak gogorarazi du aurreko agintaldian abiarazitako prozesuaren barruko "beste urrats bat" dela oraingoa: "Aurreko agintaldiko nire konpromisoetako bat izan zen, eta, prozesu konplexua bada ere, zailtasun ugari izan baditugu ere, Gasteizko gizarteari helarazi nahi diot erabaki irmoa dela nirea, ez naizela geldituko okupak bota arte", nabarmendu du alkateak.