Gasteizko Errege Magoak euskaldunak izango dira datorren urtean

Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 08:45

Errege Magoen mezua, 2021eko urte hasieran. / GASTEIZKO UDALA

Errege Magoek kritika ugari jaso dituzte aurten euskaraz ez jakiteagatik. Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, datorren urtean elebidunak izango dira, ekitaldiak ofizialak diren bi hizkuntzetan ematea bermatzeko.

"Errege Magoek urteak eta urteak daramatzate gure hirira etortzen. Urtero, atsegin handiz umeen nahiz helduen ametsak eta desioak betetzen dituzte eta beti ekartzen dute ilusioa gure etxeetara", adierazi du Gorka Urtaran alkateak Twitterren. "Lan bikaina egin dute 40 urtez, eta oso eskertuta gaude. Mila-mila esker bihotzez".

Hala ere, alkateak egungo Erregeak ordezkatzea erabaki du, ekitaldi elebidunak bermatzeko helburuarekin: "Garaiak aldatzen dira, eta bere garaian Baltasar erregearekin gertatu zen bezala, hizkuntzari dagokionez, oraingo umeak ez dira lehengoak bezalakoak. Orain, ume gehienak, guztiak ez esatearren, elebidunak dira eta eskaintzen dizkiegun ekitaldiak, ofizialak diren bi hizkuntzetan ematea bermatu behar dugu. Errege Magoen harrera ere bai. Haurren interes gorenean pentsatuz, garai berrietara egokitzeko unea heldu da", azaldu du Urtaranek.

Dagoeneko Gasteizko Udalaren erabakiaren kontra eta euskararen aurkako mezuak agertzen hasi dira sare sozialetan, eta baita politikarien artean ere. Adibidez, Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak "paranoia urratzen duen nazionalismoa" izatea leporatu dio EAJri. Gasteizko Udalean PPko bozeramaile Leticia Comeronek ere "erradikala eta sektarioa" izatea leporatu dio alkateari, eta "enplegua berreskuratzean zentratzeko" eskatu dio.

Baina Gorka Urtaranek erabakia ulertarazteko mezua ere zabaldu du: "Ziur nago denok ulertuko dugula. Errege Magoekin hitz egin eta gero, haiek ere bat etortzen dira hausnarketa honekin, haientzat ere ez baitago haurren zoriona baino desio handiagorik", idatzi du Twitterren.

Erlazionatuak

Eta euskaraz noiz?

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza 2021 urt 04 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide