Duela egun batzuk baieztatu zidaten berria, erregeen ikuskizuna gazteleraz bakarrik izango zela, alegia. Hala ere, itxaropentsu joan naiz ikuskizunera Gasteizko udaletxeak hainbat gasteiztarrek egindako eskaerari kasu egingo ziolakoan.
Mendizorrotzako kiroldegira sartu orduko, musika izan da entzun dudan lehen gauza, gabon kantak, baina gazteleraz: Campana sobre campana, Los peces en el río... Begiak itxita sartu izan banintz Madril edo Logroñoko ikuskizun batean nengoela pentsa nezake lasai asko.
Hizkuntzarik gabeko bi ikuskizunak politak izan dira, eta haurrek gozatu egin dute.
Erregeen txanda iritsi da. Hiru Erregeek euskaraz egin dute hitzaldiaren hasiera, baina buruz ikasitako esaldi bakarra izan da, hitzaldien gainontzekoa gazteraz soilik izan delarik. Eskertzekoa da keinua, baina gure seme-alabek errege euskaldunak izateko eskubidea dute. Hitzaldien erdian neure buruari galdetu diot "eta euskaraz noiz?" eta beste hiritar batek Printzipal Aretoan erakutsitako errespetu falta etorri zait burura. Eskaerak errespetuz eta modu onean egin behar dira, antzezle eta beste ikusle guztiek hori merezi dute eta. Horregatik, guzti hau kontatzeko idazten jarri naiz, milaka garelako egunerokotasunean Gasteizen "eta euskaraz noiz?" aldarrikatzen dugunak momentu eta egoera askotan...
Neure baitan nengoela, Meltxor haurrei zuzendu zaie berriro ere: "Ondo portatuz zarete? Amak sukaldatzen duen dena jaten duzue?" Badirudi hizkuntza ez ezik, genero rolak ere irakatsi behar dizkiegula errege hauei...
Nabarmentzeko beste ezer gabe amaitu da ikuskizuna, gaztelerazko gabon kantuekin berriro ere.
Hurrengo urtera arte itxaron beharko dugu udaletxeak XXI. mendeko errege euskaldunen aldeko apostua egiten ote duen ikusteko.