Etxebizitza "doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" izatea aldarrikatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 09:02

Etxegabetzeen kontrako mobilizazioa, larunbatean Gasteizen. / ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Larunbatean ehunka lagun bildu ziren Gasteizen, azken etxegabetzea salatzeko Etxebizitza Sindikatuak deitutako manifestazioan. Etxegabetze guztiak gelditzea eta etxebizitza "doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" izatea exijitu zuten.

Etxebizitza Sindikatuak "etxegabetze guztiak gelditzeko" exijitu zuen larunbateko manifestazioan. Lehenengo minutuetan, arazoak izan zituzten Ertzaintzarekin, mobilizazioa egiteko baimena zela eta, baina, azkenean, 19:00etan abiatu ziren, "etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" aldarrikatzeko.

Izan ere, joan den asteartean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hamabost pertsona etxegabetu zituzten Herrandarren kaleko 15. zenbakian okupatutako eraikinetik. Etxebizitza Sindikatuak bertaratzeko deia zabaldu zuen, protesta egiteko eta etxegabetzea gelditzeko asmoz. Polizia operazioa goiz osoan zehar luzatu zen, eta hainbat hainbat lagun atxilotu zituzten.

Azkenean etxegabetzea gauzatu egin zen eta atxilotu guztiak aske gelditu ziren gauerako. Baina etxegabetutako bizilagunetako batzuk kalean daude oraindik. Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, soilik familia batentzako alternatiba lortu dute, eta zazpi pertsona kalean daude oraindik.

Oraingoz, sindikatuak berak eman die gauak pasatzeko lekua, baina "irtenbide kolektibo" bat exijitu du. "Alternatiba bat exijitzen diogu Gasteizko Udalari eta Larrialdietako Gizarte Zerbitzuei: etxebizitza bat, kalitatezkoa, iraunkorra eta doakoa", adierazi dute.

"Asteartean ikusi genuena arazo estruktural baten adibide bat baino ez da; oraindik ere etxegabetze asko ematen dira", azpimarratu du Etxebizitza Sindikatuak. "Etxegabetzeak atzeratu beharko lituzkeen dekretua ez da nahikoa, izan ere, kaleratze batzuk baino ez ditu atzeratzen eta ez ditu kasuistika asko jasotzen. Pertsona horiek ez dira kalean geratuko: erakunde burgesari kendutakoaren bidez ez bada, klase antolakuntzaren bidez izango da; baina ez izan zalantzarik, ez ditugu gure kideak bakarrik utziko", ohartarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide