Etxebizitza Sindikatuak "etxegabetze guztiak" gelditzea exijituko du manifestazio batean

Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 19:25
Astearteko etxegabetzea salatzeko elkarretaratzea, Plaza Berrian. / ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Etxebizitza Sindikatuak Herrandarren kaleko etxegabetzea salatzeko manifestazio bat deitu du hilaren 30erako. Larunbatean, 19:00etan abiatuko da Andra Mari Zuriaren plazatik, "etxegabetze guztiak gelditzeko" eskatuz.

Joan den asteartean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hamabost pertsona etxegabetu zituzten Herrandarren kaleko 15. zenbakian okupatutako eraikinetik. Etxebizitza Sindikatuak bertaratzeko deia zabaldu zuen, protesta egiteko eta etxegabetzea gelditzeko asmoz. Polizia operazioa goiz osoan zehar luzatu zen, eta hainbat hainbat lagun atxilotu zituzten.

Azkenean etxegabetzea gauzatu egin zen eta atxilotu guztiak aske gelditu ziren gauerako. Baina etxegabetutako bizilagunetako batzuk kalean daude oraindik. Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi zuenez, soilik familia batentzako alternatiba lortu dute, eta zazpi pertsona kalean daude oraindik.

Oraingoz, sindikatuak berak eman die gaua pasatzeko lekua, baina "irtenbide kolektibo" bat exijitu du. "Alternatiba bat exijitzen diogu Gasteizko Udalari eta Larrialdietako Gizarte Zerbitzuei: etxebizitza bat, kalitatezkoa, iraunkorra eta doakoa", adierazi dute.

"Asteartean ikusi genuena arazo estruktural baten adibide bat baino ez da; oraindik ere etxegabetze asko ematen dira", azpimarratu du Etxebizitza Sindikatuak. "Etxegabetzeak atzeratu beharko lituzkeen dekretua ez da nahikoa, izan ere, kaleratze batzuk baino ez ditu atzeratzen eta ez ditu kasuistika asko jasotzen. Pertsona horiek ez dira kalean geratuko: erakunde burgesari kendutakoaren bidez ez bada, klase antolakuntzaren bidez izango da; baina ez izan zalantzarik, ez ditugu gure kideak bakarrik utziko", ohartarazi dute.

Horregatik, "etxegabetze guztiak gelditzeko" exijituko dute larunbatean, urtarrilaren 30ean, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko den manifestazioan.

Etxegabetzearen balantzea

Astearte arratsaldeko elkarretaratzean, gertakarien balantzea egin zuen Etxebizitza Sindikatuak, eta ohar bidez helarazi die hedabideei: "Karga polizial ugari, bost zauritu baino gehiago, hiru atxilotu, bi pertsona Atzerritartasun Zerbitzuetan, eta hamabost pertsona kalean; hau da egun oso gogor baten balantze neketsua".

Horrekin batera, etxegabetze operazioak utzitako irudiak bildu dituzte sare sozialetan, eta bideo bat argitaratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide