Armentia-2 gas putzuan zundaketa egiteko lizentzia ukatzeko tramitazioan "iruzurra" egin izana leporatu dio EH Bilduk Gasteizko Udalari: "Udal gobernuak tramitazioa atzeratu du, SHESAri ia hilabete gehiago oparituz erantzuna prestatzeko, eta horrela, gainera, lizentziaren gaia aurrekontuen eztabaidatik atera du", kritikatu dute.
Abenduaren 22an, lizentzia eskaera ukatzea proposatzen zuen txostena aurkeztu zuten Gorka Urtaranek eta Ana Oregik. Txosten juridiko-urbanistiko horren ondorioen arabera, "jarduera bateraezina da indarrean dagoen hirigintza-plangintzarekin".
Hala ere, EH Bilduk salatu duenez, abenduaren 22an txosten hori jaso eta lizentzia ukatzeko iragarpen publikoa egin arren, Ana Oregik ez zuen dekretua sinatu urtarrilaren 9ra arte. Gainera, lizentziaren eskatzaile SHESAri ez zitzaion eskaera bidali urtarrilaren 13ra arte. Eta, azkenik, EH Bilduk jakin duenez, ostiralean oraindik SHESAk txostena jaso gabe jarraitzen zuen.
Hiru hilabete
EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbaren ustez, modu horretan, Urtaranek ia hilabeteko epe gehigarria eman dio SHESAri lizentzia ukapenari erantzuna prestatzeko. Gainera, Villalbaren aburuz, erantzuna aurrekontuen eztabaidaren erdian ematea saihestu du horrela, "erantzun hori oztopo izan daitekeelako akordioak lortzeko".
"Onartezina da gobernu honen jokabidea, oposizioa engainatzeaz gain, herritar guztiak engainatzen dituelako", kritikatu du Villalbak.
Gainera, azaldu duenez, urtarrilaren 12an, Klimaren Aldeko Ekintza Batzordean, lizentzia eskatzeko tramiteen inguruan galdetu zion EH Bilduk udal gobernuari; zehazki, lizentziaren ukapena noiz bidali zen galdetu zioten. "Baina gobernuak ez zuen erantzun, ez zuen esan lizentzia ukatu gabe zegoela oraindik", deitoratu du zinegotziak.
"Lizentzia eskaera urriaren 13an iritsi zen Udalera, eta urtarrilaren 13ra arte ez da eskaera ukatu. Hiru hilabete igaro dira", azaldu du EH Bilduk. "Jokabide horrek irabazle argia du: EAJ. SHESAk abenduaren 22tik daki lizentzia ukatuko diotela. Lizentziaren eskatzailea ohi baino denbora gehiago izaten ari da erantzuna prestatzeko, jakinarazpena jaso zenetik denbora asko geratzen delako", salatu du Villalbak, "gardentasunez aritzeko" eskatu dio Urtaranen gobernuari.