Informazio eskubidea

ARGIAri arrazoia eman dio Sindikoak: "Poliziari argazkiak ateratzeko eskubidea duzue"

Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 09:54
Kazetariari irudiak hartzea oztopatu zion udaltzaina. / ARGIA

2020ko maiatzean, Gasteizko Udaltzaingoak Zigor Olabarria kazetariaren lana oztopatu zuela salatu zuen ARGIA hedabideak. Orain, Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman die: "Poliziari argazkiak ateratzeko eskubidea duzue".

"Polizia grabatzea eskubidea da; herritar guztiona, ez soilik kazetariona", onartu du Gasteizko Sindikoak. Gainera, Udaltzaingoak berak onartu du Zigor Olabarria ARGIAko kazetariaren eskubidea, Herritarren Defendatzaileari emandako erantzunean, eta, agentearen jokabidea gaitzetsi du: "Egon daitezke, kasuren batean, oker egon daitezkeen agenteak"; hala ere, ez dute udaltzainaren aurkako neurririk hartu, "diziplinazko arau hausterik ez zelako egon".

Izan ere, 2020ko maiatzaren 5ean, Olarizu auzoan ematen ari zen operazio batean, poliziaren irudiak hartzea "legez kanpokoa" zela ziurtatu zion udaltzainak ARGIAko kazetariari; grabatuz gero, desobedientzia delitu bat leporatzearekin eta mugikorra kentzearekin egin zion mehatxu. ARGIAk azaldu duenez, bertan zeuden gainontzeko hiru udaltzainek ez zuten kidea zuzendu. Ondorez, udaltzain gehiago heldu ziren, eta, azkenean, operazioaren buru zen udaltzainak "kazetari" gisa polizia grabatzeko eskubidea onartu zion Olabarriari.

 

Hilabete beranduago, 2020ko ekainean, ARGIAk eskaera bat sartu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailean. Gertakariak baloratu zitzala eskatu zioten Sindikoari, eta, horrekin batera, argitu zezala "kazetariek zein herritarrek poliziaren irudiak hartzeko eskubidea duten ala ez".

Abenduaren 29an erantzuna jaso zuen ARGIAk, "berandu eta gaztelania hutsean". Hala ere, Sindikoaren erantzunak arrazoia eman dio ARGIAri: "Egia da zuri emandako informazioa eta honen ondorioak ez zirela bidezkoak izan, argi eta garbi baitago zuk, kazetari zaren partetik, argazkiak ateratzeko ahalmena eta eskubidea duzula".

Polizia grabatzeko eskubidea

Horrez gain, ARGIAk Sindikoari eskatu zion argitzeko, kazetariez gain, edozein herritarrak ote duen (ala ez) eskubidea espazio publikoan lanean ari den poliziaren irudiak hartzeko. Erantzuna ere argi dio: "Edonork atera ditzake argazkiak, baina muga jakin batzuekin: segurtasuna arriskuan ez jartzea eta bidegabeko tratamendurik ez egitea; hortaz, irudien ondorengo erabileraren arabera erabakiko da salatzerik dagoen".

Hortaz, polizia grabatzea eskubidea da, eta ez delitua. Ondorio hori ateratzeko, Mozal Legea bera eta horren inguruan Segurtasun Estatuaren Idazkaritzak argitaratutako barne instrukzioa oinarri gisa hartu ditu Sindikoak.

Auziaren inguruko informazio gehiago eta ARGIAren irakurketa hemen dituzue ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide