Gasteizen jazotako azken eraso matxista salatu du Itaiak

Erredakzioa 2021ko urt. 14a, 13:19

Azken eraso matxista salatzeko eta erasotutako emakumeari babesa adierazteko elkarretaratzea egin du Itaiak asteazken honetan. Larunbatean, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen Gasteizen, bikotekide ohiari eraso egiteagatik. 

Joan den larunbatean, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizko Alde Zaharrean, genero indarkeria delitu baten ustezko egilea izateagatik; ustez, mehatxuak eta lesioak eragin zizkion bere bikotekide ohiari.

Eraso matxista salatzeko eta erasotutako emakumeari babesa adierazteko elkarretaratzea antolatu du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak asteazken honetan, Gasteizko Plaza Berrian.

"Indarkeria matxista gainditzeko mekanismo eraginkorrak gauzatzea urgentziazko egitekoa dugu, erasoak burutzen dituzten figurak seinalatuz eta emakume horiek indarkeria testuinguru horietatik askatzeko bitartekoak garatuz", adierazi dute Itaiako kideek. Lan horretan jarraitzeko "konpromisoa" adierazi dute, eta, horretarako, "gaitasun politikoak antolatzen" jarraitzeko dei egin dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago