LGTBIfobiaren aurkako behatokiek murrizketak salatu dituzte Herriaren Defendatzailearen aurrean

Erredakzioa 2021ko urt. 14a, 09:30
Ikusgune - LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren bulegoa. / IKUSGUNE

LGTBIfobiaren aurkako estatu osoko hainbat behatokik kexa aurkeztu diote Espainiako Herriaren Defendatzaileari, administrazio publikoek aurrekontuetan ezarritako murrizketak direla eta. Azken egunetan, Lumagorrik %70 murrizketa salatu du Gasteizen.

Administrazio publikoek "behar baino finantzazio gutxiago" ematen dietela salatu dute LGTBIfobiaren aurkako estatuko hiru behatokik, aho batez; Homofobiaren Kontrako Kataluniako Behatokiak, Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokiak eta LGTBIfobiaren aurkako Coruñako Behatokiak.

Izan ere, hiru behatokiei finantzazioa murriztu diete administrazio publikoek, eta, beren ustez, horrek "LGTBIfobiaren ondoriozko biktimei laguntzeko zerbitzuak, arreta legala, juridikoa eta psikosoziala mugatzen eta eragozten ditu".

"Gero eta kezkatuago gaude baliabideak gero eta gehiago mugatzen ari direlako, eta murrizketa horrek oztopoak, mugak eta eragozpenak dakartzalako gure lanerako. Baliabide ekonomikoez, materialez, giza baliabideez eta baliabide sozialez hornitzen gaituen finantzazio egokirik gabe, egoera kezkagarria izan daiteke", salatu dute behatokiek.

Kexa, Herriaren Defendatzailearen esku

Lehenik eta behin, aurkeztutako kexa onartutzat jo dadila eskatu dute Kataluniako, Gasteizko eta Coruñako behatokiek. Gainera, besteak beste, ikerketa bat abiatzeko eskatu diote Herriaren Defendatzaileari: "Tokiko, autonomia eta estatu mailako esparruetan indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz, azter dezala ea tokiko, probintziako, autonomia erkidegoko eta estatuko administrazioetatik jasotzen ditugun laguntzak egokiak diren, proportzionatuak, eta LGTBIfobiaren biktimen zerbitzu, arreta eta premiekin bat datozen dihardugun lurraldeetan".

Amets Martinez de Heredita Lumagorriko presidente eta Ikusgune - LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren kudeatzailearen arabera, "onartezina da gorroto-delituen eta diskurtsoen goranzko testuinguru batean, bizi dugun osasun krisialdi larriarekin, LGTBI+fobiari aurre egin beharreko baliabideak murrizten joatea".

Marinez de Hereditaren ustez, erakundeek behatokietatik egiten ari diren lana "aitortu eta babestu" behar dute, "Arartekoak eta beste instantzia batzuek eskatzen duten bezala".

%70eko murrizketa Gasteizen

Joan den astean, Lumagorrik hainbat ekarpen aurkeztu zizkion Gasteizko Udal Gobernuaren 2021erako aurrekontu proiektuari, %70eko murrizketa saihesteko. Besteak beste, Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia galtzeko arriskuaz ohartarazi du Lumagorrik.

"Beharrezkoa da Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuari giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikoak ematea", azpimarratu du Zisheterosexismoaren Aurkako Taldeak. "Murrizketetatik babestu beharreko zerbitzua da, are gehiago osasun, ekonomia eta zaintza krisi baten testuinguruan; zerbitzu horretara bideratutako partida ekonomiko guztiek, nolanahi ere, igoera bat izan beharko lukete, eta inoiz ez murrizketa bat".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide