Aurrekontuetan LGTBI politiken murrizketa saihesteko ekarpenak aurkeztu ditu Lumagorrik

Erredakzioa 2021ko urt. 8a, 09:00
Iraganeko ekainaren 28ko manifestazio bat Gasteizen. / ALEA

Lumagorrik hainbat ekarpen aurkeztu dizkio Gasteizko Udal Gobernuaren 2021erako aurrekontu proiektuari, %70eko murrizketa saihesteko. Besteak beste, Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia galtzeko arriskuaz ohartarazi du.

Izan ere, aurrekontu proiektuak ia %70eko murrizketa aurreikusi du LGTBI politiketara bideratutako partidetan, eta murrizketa horri Jabekuntza Feministarako Eskolarena gehitu behar zaio. "Nahiz eta berez sexu eta genero aniztasunari buruzko proiektua ez izan, modu eredugarrian zeharkatzen ditu ikuspegi intersekzionalarekin lan egiten duten EAEko berdintasun politikak", azaldu du Lumagorrik.

Hortaz, sexu eta genero aniztasunerako agenda, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia eta Jabekuntza feministarako Eskola biltzen ditu Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldeak aurkeztutako proposamenak, 2020ko partidekin berdintzeko eta hobetzeko eskatuz:

  • Ahalduntze Feministarako Eskola: 130.000 euro.
  • Sexu eta genero aniztasunerako agenda: 40.000 euro.
  • LGTBI Behatokiaren hitzarmena: 75.000 euro.
  • LGTBI Behatokia: 20.000 euro. Partida hau Ikusgune Behatokiaren jarduera garatzeko behin betiko lokala egokitzeko eta hornitzeko helburua du; izan ere, gaur egun, behin-behineko lokal batean garatzen du bere jarduera, Pintore kalean.

"Beharrezkoa da Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuari giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikoak ematea", azpimarratu du Lumagorrik. "Murrizketetatik babestu beharreko zerbitzua da, are gehiago osasun, ekonomia eta zaintza krisi baten testuinguruan; zerbitzu horretara bideratutako partida ekonomiko guztiek, nolanahi ere, igoera bat izan beharko lukete, eta inoiz ez murrizketa bat".

Lumagorrik aurrekontu proiektuari egindako ekarpenaren dokumentazioa. / LUMAGORRI

 

Gorroto diskurtsoen gorakada

Lumagorrik ohartarazi duenez, gorroto delitu eta diskurtsoen "goranzko testuinguruan" bizi gara, eta horrek zenbait erakunde eta entitate kezkatzen ditu. "Egoera horrek bereziki kaltetu du LGTBI+ kolektiboa, alde batera utzi gabe biztanleria migratzailea, ijitoak, adinekoak, desgaitasunak dituztenak edo egiturazko desberdintasuna sortzen duten beste iturri batzuek zeharkatzen dutena", azaldu du Lumagorrik.

Gainera, pandemiaren ondorioz sortutako osasun krisiaren egoerak larriagotu du kolektibo ahulenen prekarietate egoera.

Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziaren (FRA) inkesta batek maiatzean argitaratutakoa agerian utzi duenez, Europan ez da ia aurrerapenik egon 2012. urtetik, azken inkesta egin zenetik, alegia. Izan ere, inkestatutako pertsonen %43k bere sexu orientazioagatik diskriminatuta sentitu dela adierazi du.

Beste ikerketa baten arabera R. Lucas Platero Mendez eta Miguel Angel Lopez Saezen Perder la propia identidad. la adolescencia LGTBQA+ frente a la pandemia por COVID-19 y las medidas del estado de alarma en España, elkarrizketatutako nerabeen %62,4k beren sexu orientazioa edota nortasuna etxean ezkutatu behar izan dute.

Oztopoak ezabatzen jarraitzeko betebeharra

Lumagorrik gogora ekarri duenez, Arartekoak honakoa adierazi zuen 2020ko ekainaren 28ko adierazpen instituzionalean: "EAEko aginte publikoek pertsona guztien eta horiek osatutako taldeen berdintasun errealaren eta eraginkorraren aurka dauden oztopoak ezabatzen jarraitzeko betebeharra dute. Beharrezkoa da sakontzen jarraitzea eta ekintza positiboko zein gizarte sentsibilizazioko neurriak artikulatzea erakunde zein instantzia guztietatik, elkarrekiko tolerantzia eta errespetua sustatzeko, eta kolektibo horren diskriminazioaren aurrean babes egokia eta eraginkorra bermatu eta eskaintzeko".

Adierazitakoa Eusko Legebiltzarraren 14/2012 Legeak hasitako bidearekin bat dator. Horrez gain, 2030 Agendaren 16.1 helburuan, "indarkeria mota guztiak murriztu" behar direla jasotzen da.

Ildo berean, Europako Batzordeak LGTBIQ pertsonen berdintasunerako bere lehen estrategia aurkeztu du 2020-2025erako. Estrategia horretan, LGTBIQ pertsonen aurkako gorroto diskurtsoekiko kezka agertzeaz gain, onartu du Covid-19aren krisiak kolektibo horren egoera larriagotu besterik ez duela egin. Horregatik, LGTBIQ pertsonen diskriminazioari aurre egitea eta haien segurtasuna bermatzea bezalako ekintzak bere gain hartu ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide