Pertsona bat erreskatatu dute Jundizko biokonpost lantegiko deskarga-hobitik

Erredakzioa 2021ko urt. 13a, 12:00
Jundizko biokonposta egiteko planta. / GOOGLE MAPS

Bart goizaldean, agiririk gabeko gizon bat erreskatatu dute Jundizko biokonpost lantegiko deskarga-hobitik; ustez, udalaren garbiketa zerbitzuko zabor-bilketarako kamioi batetik erori da bertara.

Gasteizko Udalak ohar batean azaldu duenez, hondakinak deskargatu ondoren, 4:25ak aldera, udal zerbitzuko zabor-bilketarako kamioi baten gidaria konturatu da gizonezko bat zegoela lantegiko deskarga-hobian. Berehala, gertatutakoaren berri eman die larrialdi zerbitzuei zein lantegiko arduradunei.

Suhiltzaileak, udaltzainak eta anbulantzia bat joan dira pertsona erreskatatzera. Gizona bere kordean zegoen, baina zango batean zauritu da. Ospitalera eraman dute, laguntza medikoa eman ziezaioten.

2020an, hildako bat

Gaurkoan, zorte hobea izan du Jundizko biokonpost lantegian agertutako gizonak, baina duela urtebete inguru, 2020ko otsailean, hildako gizonezko baten gorpua agertu zen bertan. Edukiontzi grisak biltzeko kamioi batean iritsi zen Issamen gorpua, eta kasuak agerian utzi zuen Gasteizen dagoen bizitoki larrialdia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide