Issamen heriotza: gizarte larrialdiaren isla

Erredakzioa 2020ko ots. 14a, 13:13
Jundizko biokonpostaje plantan agertu zen Issamen gorpua asteartean. / Google Maps

Asteartean Jundizko biokonpostaje plantan agertutako gorpua "patera pisu" batean bizi zen Issam izeneko migratzaile gasteiztarrarena zen. Kaleratzeak Stop Arabak bizitoki eta gizarte larrialdietarako mahaia osatzeko premiaz ohartarazi du.

Duela bost hilabete, irailean, Murtziatik iritsi zen Issam Gasteizera. Asteartean hilda agertu zen Jundizko biokonpostaje plantan, baina heriotzaren nondik norakoek argitu gabe jarraitzen dute.

Bere kasua ez dadin "alferrikakoa" izan eskatu du Kaleratzeak Stopek; izan ere, "premia larria" pairatzen zuen gasteiztarra zen Isaam, etxebizitza eskubidearen aldeko plataformaren arabera. Etxebizitza arazo larria bizi zuen hiritar honek: El Correok argitaratutako informazioen arabera, "patera pisu" batean bizi zen, zortzi metroko gela txiki batean, berogailurik gabe, eta hilean 250 euroko alokairua ordainduz.

Argitu gabeko arrazoiak direla eta, zabor-edukiontzi batean sartu zen astelehen gauean. Zabor bilketako kamioi batean amaitu zuen, eta honek Jundizko plantako hobi batean utzi zuen bere hilotza.

Autopsiaren atariko txostenak, El Correok argitaratu duenez, "ustekabeko heriotza" izan dela dio. Gorpuak kolpe ugari zituen, "ziurrenik bidaiaren eta ondoren ehunka kilo hondakinekin nahastearen ondorioz". Iturri beraren arabera, Arabako Auzitegiko Institutu Anatomikoak behin betiko diagnostikoa eskatu du Madrilen. Hilabete barru jasoko dituzte ondorioak.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa Gasteizen. / ALEA

 

Bizitoki eta gizarte larrialdietarako mahaia

"Ezin dugu utzi zabor edukiontzi batean Issam hiltzea alferrikakoa izan dadin", adierazi du Kaleratzeak Stop Arabak."Kontzientziak astintzeko" balio behar duela aldarrikatu eta Gasteizko Udalari eskatu diote "beste alde batera begiratzeari utz diezaiola, gure hirian dagoen pobreziaren eta bizitoki larrialdiaren aurrean".

Zentzu horretan, premia larrian dauden pertsonak edo kolektiboak kriminalizatzeko "errezeta" bukatu dela ziurtatu dute plataformako kideek: "Gasteizko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ezinean ari dira egoera horren aurrean, haien arduradunek baliabide publikoak xahutzen dituzten bitartean, pertsonen beharrak lehenetsi gabe".

EAEn etxebizitzaren arazoa laburbiltzen dituzten hainbat datu jarri dituzte mahaigainean. Besteak beste, 50.000 etxebizitza osasungaitzak direla edota 25.000 etxebizitzetan pilaketak daudela ohartarazi dute. Horrez gain, ordaindu ezin dituzten gehiegizko gastuekin 233.000 pertsona bizi direla argitaratu du oraintsu FOESSA txostenak.

Halaber, Gasteizen bizitoki eta gizarte larrialdietarako mahai bat osatzea premiazkoa dela ziurtatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide