Sarean

Telepizzak argitu du arratoiaren bideoa ez dela Gasteizkoa

Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 19:07

Azken orduetan, Whatsapp bidez bolo-bolo dabil Telepizzara bisita egiten duen arratoi baten bideoa, Gasteizko irudiak balira bezala. Enpresak berak argitu du: bideoa ez da Gasteizkoa, baizik eta Santurtzikoa (Bizkaia).

Arratoi bat Telepizzako establezimendu baten barruan ikus daiteke bideoan. Ikus-entzunezko dokumentua bolo-bolo zabaldu da azken orduetan gasteiztarren artean. Izan ere, bideoarekin batera Telepizzaren Gasteizko establezimendu baten irudia doa, eta bi mezuak batera biralizatu egin dira, "askotan birbidalia" dioen abisuarekin.

Gainera, EAEko ostalaritzako 2. taldeko lizentzia duen karteltxoa ikus daiteke leihoaren eta atearen artean. Horrek Gasteizko irudiak direla pentsatzea eragin du, baina begiratu azkar batean baieztatu daiteke establezimenduaren fatxada ez datorrela bat Arabako hiriburukoarekin.

Hain zuzen ere, Telepizzak berak sare sozialetan azaldu duenez, irudiak ez dira Gasteizkoak, baina, dirudienez, bai azken egunetakoak. "Santurtziko (Bizkaia) kasu zehatz bat da, zonaldean karraskariekin izandako arazo baten ondoriozkoa. Dendak kontrol guztiak pasa ditu, eta atzo beste bat egin genuen. Hala ere, desinfekzio-prozesua amaitzen dugun bitartean, establezimendua itxita egongo da", azaldu du Telepizzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago